Iazko esperientzia onak jai potoloagoak egitera bultzatu du Buenavista
Iristear dira Buenavistako jaiak, eta egungo jai batzordeak antolatzen dituen bigarrenak izango dira aurtengoak. Iaz animatu ziren jaiak berreskuratzera, eta gero eta hobeak egin nahi dituzte.
Hogei urteren ostean, iaz berreskuratu zituzten Buenavistako jaiak, eta iazko martxari jarraika, aurtengo egitaraua ere prest dute hilaren 14tik 16ra auzoko jaiak ospatzeko. Monse Varela jai batzordeko kideak azaldu duenez, auzotarrek, «batez ere adineko pertsonek», sekulako harrera egin zieten iaz Buenavistako jaiei. Hain zuzen ere, auzo elkarte berria sortzearekin batera pentsatu zuten jaiak berreskuratzea. «Auzo elkartearen barruan, hiru lagunek jai batzordea osatu genuen. Iazko moduan antolatu gara jaiak prestatzeko, baina orain esperientzia gehiago dugunez, egitaraua hobetu dugu», ziurtatu du Varelak.
Iaz baino aurrekontu pixka bat handiagoa dute, eta horri esker, Mikeltxi DJ-ak iaz baino ordu gehiagoz girotuko du Buenavista. Gainera, Mikeltxiz gain, Oarso DJ-aren musikaz ere gozatu ahal izango dute aurten. «Iaz, batzuek doan eskaini zituzten ikuskizunak, batere kobratu gabe. Aurten, ordea, Gau Beltza egin genuenean, Oarso DJ-a izan genuen, eta orain jaietarako kontratatzea erabaki dugu. Pixkanaka, jaiak handitzen goaz horrela», azaldu du jai batzordeko kideak.
Auzoko eragileen laguntza
Varelak Berrako adinekoen egoitzan egiten du lan, eta iaz egoitzak mus lehiaketarako sariak eskaini zituen. Aurten, ordea, inplikazioa handiagoa izan da: «Aurten, sardina jatea izango dugu Berrari esker. Auzoan merkataritzarik ez dagoenez, horrelako laguntza bilatu behar izan dugu».
Beste hobekuntza bat da aurten buruhandiak egunero izango dituztela, etxeko txikienen gozamenerako. Izan ere, programa batez ere haurrei begira prestatu dute, eta ez dira faltatuko apar festa, puzgarriak, marrazki lehiaketa edo Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen emanaldia, beste jarduera batzuen artean.
Gogotsu daude jaietarako, eta egitarauan iaz baino jarduera gehiago daudenez, iaz baino jai biziagoak izango direla uste dute. «Landuagoak izango dira aurtengo festak, eta urtez urte hobetzen joatea da helburua», nabarmendu dute.
Hemen ikus dezakezue osorik Buenavistako jaietako egitaraua.