IV. Elkano estropada egingo dute asteburuan, Donostia eta Hondarribia artean
Hogei ontzik eta 80 nabigatzailek baino gehiagok hartuko dute parte asteburu honetan Donostiaren eta Hondarribiaren artean egingo den Elkano estropadaren IV. edizioan. Estropada Donostiako Klub Nautikoak eta Hondarribiko Klub Nautikoak antolatzen dute, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuaren laguntzarekin, eta Juan Sebastian Elkanoren omenez egiten da.
Antolatzaileek azaldu dutenez, omenaldiaz gain, Elkano estropadak “beste hainbat pizgarri eta ezaugarri” ditu Gipuzkoako, Bizkaiko eta Iparraldeko nabigatzaileentzat “egutegiko estropadarik garrantzitsuenetako bat” izateko.
Batzuk aipatzearren, adierazi dute kostaldeko estropada dela, hau da, ez dela buien arteko ibilbide klasiko bat. “Hori dela eta, estrategia ireki egiten da eta Hondarribitik Donostiara bitarteko itsasertza belez eta kolorez betetzen da. Batzuek kostaldeko brisak eta norabide aldaketak bilatzen dituzte. Beste batzuek haize fresko eta garbiaren bila ibiltzen dira eta altuera handiagoko estrategia bat aukeratzen dute, eta beste batzuek, berriz, flota nola dabilen ikusita, bitarteko aukera baten alde egiten dute aurrera egiteko. Kasu honetan, garrantzitsua da irabaztea, proba EKP ligarako puntuagarria baita”, nabarmendu dute.
Horrez gain, estropadak bi etapa ditu, eta bigarren egunean ibilbidea kontrakoa izango da. Joan-etorriko bidaia da, eta hasierako eta helmugako herriak aldatu egiten dira urtero. Aurtengo edizioan, Donostia izango da lehen etapako irteera, eta Hondarribia amaiera. Eta ekainaren 9an, berriz, alderantziz.
Garaikurra
Estropadaren beste berezitasun bat da garaikurra, Iñigo Aristegi artista donostiarrak diseinatua, ez duela tripulazio irabazleak etxera eramaten. Aitzitik, bi klub antolatzaileetako batek (Donostiako Klub Nautiko Errealak edo Hondarribiko Klub Nautikoak) gordetzen du, “anaitasunaren erakusgarri”.
Datu historiko gisa, antolatzaileek aipatu dute itsasaldia Ama Guadalupeko baselizatik hurbil igarotzen dela. Bertan, Juan Sebastian Elkanoren testamentuaren testua dago, 1526. urtekoa, baselizarako urrezko sei dukaten dohaintza jasotzen zuena.