Palestinaren aldeko manifestazioa egin dute Antiguan
Ehunka bizilagun batu ziren atzo, Antigua Palestinak deitutako manifestazio zaratatsura. Palestinaren aldeko mobilizazioak Antiguako kaleak hartu zituen, genozidio sionista salatu eta palestinar herriarentzako askatasuna adierazteko. Mobilizazioan, halaber, ekintza bat egin zuten Carrefour denda baten aurrealdean, Israelgo estatuaren konplize den enpresa seinalatzeko.
Txillardegi Plazatik abiatu zen manifestazioa 19:30ean. Hasieran ehun lagun baziren, kopurua bikoiztu egin zen Matia kalea gurutzatu ahala. Bistakoa zen jendearen haserrea, eta mobilizazioari erakutsitako babesa. Balkoietan zein kalean aritu ziren bizilagunak txaloka, eta auzokide ugari batu ziren mobilizaziora, Benta Berriko Caro Baroja plazara iritsi aurretik. Handik, Loreako bidea egin zuen mobilizazioak, eta Carrefour supermerkatu baten amaitu zuten, ekintza batekin. Bi panpin handi etzan zituzten lurrean, pintura gorriz zipriztinduta, Israelek bultzatutako sarraskia salatu eta supermerkatu enpresa handia konplize dela seinalatzeko.
Palestinaren aldeko talde antiguatarrak iragarri duenez, ekintza gehiago egingo dituzte hemendik aurrera, eta jendea antolatzera eta parte hartzera deitu dute.