Txupinazoarekin eta Holi festarekin lehertu da jai koloretsua Larratxon
Larratxoko jaiak hasi ziren atzo, eta astelehenera arte, egitarau oparoa izango dute auzoan. Auzoa desiratzen zegoen jaiak iristeko, eta atzo, 19:30ak arte txupinazoak eztandarik egin ez bazuen ere, lehenago nabarmena zen jai giroa. 17:00etan, txokolate janarekin hasi ziren motorrak berotzen, eta 3×3 futbol txapelketa ere egin zuten jarraian. Jarraian, haur ikuskizuna izan zuten etxeko txikienentzat, eta helduek, berriz, pintxo-potea egin zuten.
19:30ak baino minutu batzuk lehenago, plazan elkartu zen jende guztia. Batzuek ezin izan zioten itxaron Larratxoko jaien hasieran ohikoa den Holi festari, eta koloretako hautsez apaindu zituzten gorputzak txupinazoa baino lehen. Hala ere, 19:30ean puntuan iritsi zen jaietako unerik garrantzitsuenetako bat. Ezer baino lehen, jaietako batzordeko kide batek adierazi zuen Larratxon ez dela onartzen inolako erasorik, eta halakoren bat egongo balitz, gertaera salatzeko puntu moreak zeintzuk diren azaldu zuen.
Ohar garrantzitsu horren ostean, atzera kontaketa egin eta txupinazoa bota zuten. Horrekin batera, agertokitik koloretako hautsak bota zituzten jai batzordeko kideek, eta horrela eman zioten hasiera Holi festari. Jarraian ikus ditzakezue txupinazoko hainbat irudi: