500 lagunek baino gehiagok parte hartu dute Intxaurrondo BAI topaketetan
Hirugarrenez egin dituzte BAI topaketak pasa den asteburuan, eta arrakastatsua izan dela adierazi dute antolatzaileek. Intxaurrondoko hegoaldean elkartu ziren, eta 500 lagunek baino gehiago parte hartu zuten antolaturiko jardueretan.
“Oso pozik gaude aurten ere herritarrei arte garaikidea gerturatu izanaz, eta oso esker oneko, euria egin duen arren, ekimenean parte hartu duten pertsona guztiekin”, esan du Isabel Mayor Garau topaketen antolatzaileak eta Caradepan kultura elkarteko zuzendariak.
Etorkizunari dagokionez, “Intxaurrondoko kultura bizitzari gure ekarpena egiten jarraitzea eta beste auzo batzuetan haztea espero dugu, ekimen hau lurralde eta Estatu mailan arte publikoaren inguruko derrigorrezko hitzordu bihur dadin”, gaineratu du Mayorrek.
Maila gorenekoak
Hirugarren topaketetan maila goreneko sortzaile garaikideek parte hartu dute, tokiko ondare artistikoa osatzen duten obrak berrinterpreta zitzaten: Hazteko Moduak, Koldobika Jauregirena; Ume jolasak eta Siluetak, Agustin Ibarrolarenak; eta Monolitoa, Equipo 57 taldearena.
Praktika artistikoari eskaini zioten larunbata, jende guztiarentzako hiru familia tailerrekin. Intxaurrondo Kultur Etxean egin zituzten Elena Scaratti, Natalia Cambronero eta Uxue Lasa artistekin. Atzo, berriz, auzoan zehar ibilbide bat egin zuten, bezperan egindako herritarren berrinterpretazio artistikoak ezagutarazteko. Esaterako, Ana Esmith-Miss Beige artista gonbidatuak Jauregiren Hazteko Moduak berriz interpretatu zuen Logelako sekretuak performancearekin.