Arma zuriz zauritu dute futbol partida bateko arbitroa, Bidebietan
Futbol partida bateko epaileari eraso zioten larunbat arratsaldean, Bidebietako futbol zelaian. Arbitroak sastatu bat jaso zuen bizkarrean, partida amaitu ondoren, eta eragindako zaurien ondorioz, Donostia Ospitalera eraman behar izan zuten, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez.
Erasoa 20:00ak aldera jazo zen, Bidebietako Serapio Mugica kaleko kanpoko futbol zelaian. Segurtasun sailak adierazi duenez, erasotzailea kirol ekitaldian parte hartu zuen pertsona bat da, eta norgehiagoka amaitu ostean, sastatu zuen epaile lanetan ari zen gizona. Ertzaintzarekin batera, anbulantzia bat ere bertaratu zen gertakariaren lekura, eta istilua amaitu ondoren, osasun langileek gertakarien lekuan bertan artatu zuten zauritua.
Segurtasun sailak jakinarazi duenez, Donostia Ospitalera eraman behar izan zuten zauritua, baina ez dakite zenbaterainokoak ziren lesioak, eta ez dute pronostikoaren berri eman. Ertzaintza, bestalde, eraso horren nondik norakoa aztertzen ari da, gertatutakoa argitzeko. Atzo bertan lekukoek deklaratu zuten eta, oraingoz, atxiloturik ez dagoen arren, pertsona bat ikertzen ari dira.