Boga Boga Metal Fest jaialdiak Dabadaba hartuko du berriz ere
Irailaren 7an izango da eta hiru taldek parte hartuko dute: Eraso!, Elizabeltz eta HellMugan.
Kontxako Bandera kirol arlotik harago ere ospatzen da Donostian. Hain zuzen ere, badira arraunkadak heavy metal doinuekin ere ematen dituztenak. Kontxako estropaden ingurumarian sortu zuen InfoRock.net atariak Boga Boga Metal Fest jaialdia, eta iaz berreskuratu ondoren —pandemiak eten zuen—, zortzigarrenez egingo dute irailaren 7an. Sarrerak egunean bertan leihatilan eskuratu ahal izango dira.
Pasa den urtean egin moduan, berriz ere Egiako Dabadaba aretoan egingo dute jaialdia. Orotara, hiru talde ariko dira agertokian: Eraso!, Elizabeltz eta HellMugan.
Zarauzko Eraso! rock/metal talde beteranoak duela gutxi kaleraturiko Azken batean lan berria aurkeztuko dute. Lan berria eta azkena, iragarri dutenez. Beraz, emanaldi berezia izango da.
Bermeoko Elizabeltz shock rock bandak, berriz, kontzertuetan eman ohi duen ikuskizuna ekarriko du Donostiara. Alabaren bigarren diskoarekin han eta hemen dabiltza jotzen.
Errenteriako HellMugan groove metal talde hasiberriak ere parte hartuko du jaialdian. Ordea, musikariak ez dira horren hasiberriak.