Herrerako jaietako emakumeen pala txapelketaren hamargarren urteurrena ospatu dute
Asteburu indartsuena aste honetakoa izango bada ere, abian dira Herrerako jaiak, “kirol asteburua” deitzen dutena pasatu berri baitute. Hain zuzen ere, besteak beste, Mozkor Frentekideok pala txapelketako finalak jokatu zituzten larunbatean, eta emakumezkoen txapelketaren hamargarren urteurrena ospatzeko aprobetxatu zuten.
1987an sortu zuten herreratarrek Mozkor Frentekideok txapelketa maitatua, baina poteoari uko egin gabe; hortik dator, hain justu, izena. Ordea, 2014ra arte soilik gizonek hartu zuten parte, eta urte hartan eskaini zuten estreinakoz emakumeek erakustaldia. Hurrengo urtean, 2015ean, lehenengo Mozkor Frentekideok emakumezkoen pala txapelketa egin zuten eta ordutik urtero egin dute, jaietan. Aurtengo jaietako egitarau osoa hemen kontsultatu dezakezue.