Madril hiribideko erdibitzailea asteartetik aurrera moztuko dute, Anoetako topo geltokia berritzeko lanen barruan
Euskal Trenbide Sareak (ETS) azaldu duenez, Anoetako topo geltokia berritzeko lanek aurrera jarraitzen dute. Trafikoari eragiten dioten lur gaineko lanak azken faseetako batean daude, eta ondorioz, Begiristain Doktorearen pasealekuko biribilgune berria sortzen amaituko dute. “Biribilgunea amaitutakoan, gainerako lanek aurrera egin ahal izango dute”, adierazi du ETSk ohar baten bidez.
Apirilean iragarritako aldaketen artean, bat martxan jartzeke zegoen; hain zuzen ere, Madril hiribideko erdibitzailearen mozketa. Bada, aldaketa hau aste honetan gauzatuko dela baieztatu dute.
Beraz, bihartik eta obra amaitu arte, Zorroaga pasealekutik datozen ibilgailuek Madril hiribidera jarraitu beharko dute, eta ezingo dira biribilgunetik Errondo pasealekura sartu. Gainera, Begiristain Doktorearen pasealekutik jaisten diren ibilgailu baimenduek (garraio publikoa, larrialdietarako ibilgailuak, etab.) bakarrik jarraitu ahal izango dute Aita Donostiarantz, eta gainerakoek eskuinerantz egin beharko dute Zorroaga pasealekura. Ibilbideak Zorroaga pasealekuan bideratu ahal izango dira Toribio Alzaga biribilgunetik.
Biribilgunea eraiki eta guneak berreskuratu ondoren, Aita Donostia plaza berria egingo dute, eta bide berrantolaketa erabat gauzatuko da. Lan hauek guztiak urte amaieran egitea aurreikusten dutela azaldu du ETSk.
Obrek jarraitzen duten bitartean, garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute, eta, ibilgailu pribatua erabiltzea ezinbestekoa bada, Miramon – Ospitaleetara eta Anoetan egiten diren ekitaldietara iristeko dauden ibilbide alternatiboetatik igarotzea, Amara Berri auzoa saihestuz.