Eureka Zientzia Museoak 2026an itxiko ditu ateak
Miramongo espazioak Tabakalerako Atenea espazioari pasatuko dio lekukoa 2026an.
Eureka! Zientzia Museoa, aurretik Kutxaespazio izenez ere ezaguna izan dena, ateak itxiko ditu 2026ko lehen seihilekoan. Modu horretan, Kutxa Fundazioak behin betiko itxiko du Miramongo parke teknologikoan izan duen mende laurdeneko museoaren ibilbidea. Nolanahi ere, donostiarrak ez dira umezurtz geratuko, bi urte barru irekiko baita Atenea espazioa Tabakaleran. Arduradunek azaldu dutenez, eremu hori ez da Miramongo gunearen oinordeko zuzena izango, zientziarako tartea izango duen arren, harago joan nahi baitu, askotariko diziplinak zabaldu daitezen.
Kutxa Fundazioaren Plan Estrategiko berriaren oinarrien baitan iragarri dituzte arduradunek Tabakalerako espazioaren nondik norakoak. 250 milioi euroko aurrekontuarekin, 15 erabiliko ditu erakundeak kultura garaikideko nazioarteko zentroan eremua berria sortzeko. Orotara, 6.300 metro koadroko azalera izango du espazioak, beheko solairuan, lehen solairuan eta laugarren solairuetan banatuta. Iragarri dutenez, halaber, laugarren solairuan Zientziabidea ezagutza lantzeko erakusketa gunea ezarriko dute, hipermedia baliabideekin, zientziaren esplorazioa eta ezagutza mantentzeko.
Bestalde, oraindik ez da argitu Miramongo parke teknologikoko 7.785 metro koadroko lursailaren etorkizuna zein izango den. Kutxa Fundaziotik diotenez, “oraindik ez da erabakirik hartu”, baina gune berria ireki arte mantenduko dutela baieztatu dute.
Lau ardatz
Arduradunek azaldu dutenez, Kutxa Fundazioak dinamika aktibo berria sustatuko du, prestakuntza eta hezkuntza arloko joera berriekin, sormenarekin eta ezagutzarekin konprometitua, eta talentua nahiz garapen ekonomiko jasangarria aktibatzeko konpromisoa izango du. 2030era arteko plan estrategikoak, gainera, lau jarduera ardatz nagusien baitan jarriko da martxan: TEAM bokazioen bultzada; ezagutzaren, jakin-minaren eta sormenaren sustapena; konpromiso ekologiko eta soziala, eta garapen ekonomiko jasangarria.