Axular lizeoa ingurumenerako hezkuntzako munduko hamar ikastetxe onenen artean hautatu dute
World’s Best School Prizes sariketak Aieteko Axular Lizeoa hautatu du ingurumenerako hezkuntzako munduko hamar ikastetxe onenen artean. Ikastetxeak azaldu duenez, “aintzatespen ospetsu hau hilabeteetako ebaluazio zorrotzaren emaitza da, eta ingurumen hezkuntzan eta kontzientziazioan dugun konpromisoa eta ahalegina nabarmentzen ditu”.
Era berean, hautatua izatera iristeko egindako bidea gogorarazi dute: “Ikastolan egindako proiektuak, espaloi jasangarria, baratze pedagogikoa, lorezain bertikalak, banku birziklatuak, ekonomia zirkularreko eta solidaritateko hainbat proiektu eta mundu jasangarriago baten alde lan egiten duten erakundeekin egindako hamaika lankidetza dira Axular Lizeoak ingurumen hezkuntza osatzen duen komunitateak ulertzen duen moduaren adibide”.
50 onenen artean hautatu zuten hasieran, eta ostegun goizean egindako agerraldian jakinarazi dute hamar onenen artean daudela. Orain, ingurumenerako hezkuntzako munduko eskolarik onena izateko lehiatuko dira, eta fase horretan bozketa irekia egingo dute; hemen bozkatu daiteke.