Elkarretaratzea egingo dute Osakidetzan udarako iragarritako murrizketen aurka
EAEko osasun publikoaren aldeko plataformen koordinatzaileak, DOPA-k, elkarretaratzea egingo du larunbatean, osasun zentroetan iragarri dituzten murrizketen aurka. 12:00etan elkartuko dira, Eusko Jaurlaritzak Andia kalean duen ordezkaritzaren aurrean.
“Arduradun politikoek murrizketa larriak iragarri dituzte gure osasun zentroetan uda honetarako: hamar osasun zentro itxiko dituzte uda osoan, 44 egun batzuetan itxiko dituzte, 72k itxiera ordutegia 20:00etatik 17:00etara aurreratuko dute eta 58tan oraindik ez dute erabaki zer gertatuko den”, salatu du plataformak.
Hori dela eta, kalitatezko osasun publikorako eskubidearen alde borrokatzen jarraitzeko deia egin dute, Eusko Jaurlaritzari lehen mailako arreta duina eta kalitatezkoa eskatzeko.