Federico Garcia Lorcako bizilagunek Lurraldebus geltokian sartu dezatela eskatu dute
Lurraldebusen kanpoko geltokiak eragiten dituen hamika eragozpen eta oztopo direla eta, bizilagunek geltoki barrura lekualdatzeko eskatu dute batzar nagusietan.
Federico Garcia Lorcako bizilagunen egoera “jasanezina” da eta hala mahai gaineratu zuten atzo Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian. Urumea elkarteko Javier Herro eta Mentxu Larrañagak hartu zuten hitza Lurraldebusen geltokiak eragindako hamaika oztopo eta eragozpen plazaratu, eta horren aurrean hartu beharko liratekeen alternatibak proposatzeko. Horien artean dago, besteak beste, Lurraldebuseko autobusek autobus geltokia erabiltzea.
Bizilagunek adierazi zutenez, etxe atarian “kanpoaldeko geltokia” izendatu duten aparkalekua izateak eragin zuzena du euren bizi kalitatean eta atsedenean, eta hala, erakundeei arteko ika-mika alboratu dezatela eta adostasun batera iritsi daitezela eskatu zieten: “Aldundiarekin, udalarekin eta Arartekorekin hitz egin dugu. Erakundeek gure arazoaren berri dute baina zortzi urteren ostean, oraindik ez dakigu noiz iritsiko den irtenbidea”.
Irudi eta bideo sorta batekin frogatu zuten bizitzen ari direna jasanezina dela, eta Lurraldebusen geltokia horretan turisten sagardotegikoek, ezkontzen, ezkondu aurreko agur festen, eta bestelako txangoen autobusak ere erabili ohi dutela, maiz: “Euria egiten duenean, zain dagoen jendea atarian sartzera iritsi izan da, eta gure garajera sartzeko arrapala pixatoki gisa erabiltzen dute askotan”, gogorarazi dute.
Hori gutxi balitz bezala, egoera honek sortzen dituen beste hamaika arazo plazaratu dituzte: kontatu zuten, besteak beste, autobusen klaxona sarri entzuten dira gaizki aparkatutako ibilgailuei abisua emateko, gidarien arteko eztabaidak izaten dituzte sarri, goizaldeko ordu txikietan oihuak entzun ohi dira, euren aparkaleku pribatura sartzeko eta irteteko zailtasunak dituzte, eta hautsa sartzen da.
Autobus geltokian irtenbidea
Bizi duten egoeraren aurrean, Lurraldebusen ibilgailuak autobus geltokira sartu beharko lituzketela iritzi dute bizilagunek. Autobus artikulatuak, azaldu zutenez, ondo sartzen dira, baina jakin badakite geltokia kolapsatzea eragin dezaketela. Beraz, lehentasunak ezartzea funtsezkoa dute: “Gipuzkoarrei ematen zaizkien zerbitzuak aurretik jarri behar direla uste dugu”. Hala, bidaiarien fluxu ondo neurtzeko eskatu zuten, askotan “txikiagoekin” moldatu daitezkeelako: “Ezin da lehenetsi enpresa pribatuak sartzea diru publikoarekin finantzatutako eta turismoak kolapsatutako azpiegitura batean. Argi dago geltokia txiki geratu dela. Agian autobus turistikoak beste leku batera eraman beharko lirateke eta, ondoren zuzeneko autobus sistema bat aktibatu”, adierazi dute.
Mahai gaineratu duten beste alternatiba geltokia Federico Garcia Lorca kaleko 10. zenbakira lekualdatzea litzateke: “Bi autobus sartuko lirateke, errepidetik gertu dagoen zementuzko aldea kenduko balitz”. Adierazi dute, aintzat izan dutela inguruan ere eraikinak daudela, baina bulego horien lehen solairua altuagoa da.
Bizilagunak gerta litekeenaren beldur dira, azken egunotan ikasleen autobusak ugaritu egin baitira goizean goizetik. Gauzak horrela, berehalako irtenbide bat hartu dezaten eskatu diote aldundiari eta udalari.