Hondartzetako larrialdiei aurre egiteko 57 langileko sorospen taldea osatu dute
Hondartza sasoia abian denean, Donostiako Udalak hiriko hondartzetako segurtasuna bermatzen duen lan taldea aurkeztu du. Guztira, 57 pertsonak osatzen dute 2019tik BPXport enpresa adjudikaziodunak kudeatzen duen sorospen taldea.
Horietatik, 47 sorosle arduratzen dira hondartzak zaintzeaz, eta horiei ontziko bost patroi eta Kontxako hondartzan lagundutako bainua hartzeko beste bost pertsona gehitzen zaizkie. Zehazki, eta denboraldi osoan zehar, Ondarretako hondartzak hamabi sorosle ditu hondartzako eta Santa Klara uharteko zerbitzua emateko. Beste hamabi sorosle Kontxa zaintzeaz arduratzen dira. Zurriolako hondartzan, berriz, denboraldiko lau hilabeteetan 23 sorosle arduratzen dira zerbitzuaz.
Larunbatean hasiko dira lagundutako bainuak eskaintzen. Ohiko moduan, aldez aurretik hitzordua eskatuta egingo dute —662 387 008 telefonora deituta eskatu behar da—, eta Kontxako hondartzan eskainiko dute zerbitzua. Egunero emango dute, 11:00etatik 19:30era. Hiru aulki anfibio dituzte, erabilera bakoitzaren ondoren desinfektatzen direnak. Makuluak ere badituzte eskatzen dutenentzat. Bainu lagundua irailaren 15ean bukatuko da.
Marmokak eta karabelak
Udalak iragarri duenez, protokolo bat ezarri dute marmokak eta karabelak iristen direnerako. Zenbait neurri ditu, begiztatzean edo ziztadetan oinarrituta, bai eta arazoari aurre egiteko bitartekoak ere: FCCren ontzia, badian sartzen diren aleak uretan jasotzeko; langileak, itsasertzean, hondarretan hondartuta amaitzen dutenak kentzeko; sorosleak, ziztadak izan daitezkeelakoan; eta bandera zuria, ale horien etorreraren berri ematen duen bereizgarriarekin.
Iaz 844 esku-hartze izan ziren: 372 Kontxan, 312 Ondarretan eta 160 Zurriolan. 82 ebakuazio egin ziren: 42 Kontxan, 33 Zurriolan eta 7 Ondarretan/Santa Klara uhartean.
Guztira 46 erreskate, 32 Zurriolan, zortzi Ondarretan eta sei Kontxan. Bestalde, 81 pertsona galdu ziren, gehienak haurrak: 50 Kontxan, hamasei Zurriolan eta hamabost Ondaretan/Santa Klara uhartean.