Amaitu dituzte Antiguako frontoia berritzeko lanak
Amaitu dituzte Antiguako frontoia konpontzeko eta berritzeko lanak. Iazko azaroan abiatu zituzten lan horiek, izan ere, 2021eko aurrekontu parte hartzaileetan boto gehien jaso zituen proiektua da. Zehazki, 553 boto jaso zituen proiektu horrek.
Herritarrek eskatu zuten auzoko haur eta gazteek jolaserako eta elkartzeko tokiak izatea. Udalak, berriz, harmaila finkoak jartzea erabaki zuen, lehen zeudenak ordezkatzeko. Pilota partidak publikoarekin antolatzeko erraztasunak ematea da helburua, eta Donostia Kirolak 490.000 euro inbertitu ditu frontoia berritzeko lanetan.
Frontoia lanetarako itxi aurretik, Gero Arte Frontoia! jaialdia egin zuten bizilagun askok Antiguan, eta erraldoiekin eta buruhandiekin, dultzaineroekin eta euskal dantzekin esan zioten agur frontoiari, besteak beste. Zortzi hilabeteren ostean, zabalik dago berriro ere frontoia, itxura berrituarekin.