Anoeta, kontzertu handien agertoki
1994tik 2024ra, hamabi kontzertu handi hartu ditu Anoeta futbol zelaiak. Bazirudien Donostian horrelako ekitaldien antolaketa pixka bat baztertuta zegoela aspaldian, baina Rammsteinen zuzenekoa aitzindari berri bat izan daitekeela uste dute zenbaitek.
Rammstein talde alemaniarraren Donostiako kontzertuak Anoeta kontzertu handien mapan kokatu zuen berriro ere iragan ekainaren 5ean. Rammsteinek sutan jarri zuen futbol zelaia, ia bi orduko emanaldi ikusgarriarekin, eta 37.000 zale inguruk gozatu ahal izan zuten taldearen metal doinuez eta muntatu zuten ikuskizunaz.
Zortzi urte dira Anoetak ez zuela halako kontzertu erraldoirik hartzen, 2016ko maiatzaren 17an Bruce Springsteen & The E Street Band taldeak jo zuenetik, hain zuzen ere. Baina, noiz hasi ziren halako tamainako kontzertuak eskaintzen Realaren futbol zelaian? Bada, 1994ean izan zen lehenengoa, uztailaren 25ean zehazki, eta Pink Floyd taldea arduratu zen Anoetan, futbolaz gain, rockari ere lekua egiteaz.
Estatuan egin behar zuten bira Donostian hasi zuen taldeak urte hartan, eta 30.000 jarraitzailek ikusi zuten Londresko taldea zuzenean Anoetan jotzen. Garaiko kronika baten arabera, Pink Floydek 250.000 watteko potentzia erabili zuen kontzertuan.
Anoetako kontzertu handien atzean beti egon izan dira Iñigo Argomaniz promotorea eta berak sortutako Get In enpresa. Argomanizek El Diario Vasco egunkariari azaldu zionez, Pink Floyden Donostiako kontzertu hori antolatzerakoan dena berria zen, aurrekaririk ez zegoelako: «Esparru berria probatzen ari ginen, eta bakarrik egin genuen, erakundeen laguntzarik gabe, izan ere, ez zirudien banda mitiko bat hemen edukitzeari ia inork balioa ematen zionik… Azkenean, kontzertutzar bat izan zen, hogeita hamar mila ikuslerekin».
Sortu ziren besteak
Pink Floydek kontzertu handiei zabaldutako bideari hurrengo urtean eman zioten jarraipena, 1995eko ekainaren 17an, Bakearen aldeko kontzertuarekin. Egunkaria-k argitaratu zuen kronikaren arabera, kontzertu hartan 10.000 lagun inguru bildu ziren, eta ETAk bahitu zuen Jose Maria Aldaia enpresariaren oroimena nagusitu zen, Eman diezaiogun aukera bakeari izenburupean.
Besteak beste, Xabier Euzkitze eta Joxe Lizaso bertsolariek, Donostiako Orfeoiak eta Euskadiko Orkestrak eta Septimo Sentido rock taldeak hartu zuten parte kontzertu hartan. Handik bi urtera itzuli zen Donostiako Orfeoia Anoetara, 1997ko abuztuaren 9an, bere 100. urteurreneko kontzertua eskaintzera.
Zortzi urte beranduago (2005), egun berean, U2 taldea etorri zen Anoetara, Vertigo izeneko biraren barruan. 44.000 ikusle batu ziren kontzertu hartan, eta U2-ren kontzertuaren aurretik, The Kaiser Chiefs taldeak eta Franz Ferdinandek girotu zuten gaua. Gainera, hura ez zen Anoetak U2 taldea hartu zuen egun bakarra; izan ere, bost urte beranduago, 2010eko irailaren 26an, itzuli ziren Bono eta Dublingo bere taldea. Bigarren aldi hartan, 48.000 zalek ikusi zituzten zuzenean, Interpolen melodiak entzun ostean.
U2Barcelona atariaren arabera, bigarren kontzertu hartako une nabarmenetako bat Spanish Eyes abestiaren interpretazioa izan zen, 2001eko Palau Sant Jordiko (Bartzelona, Herrialde Katalanak) kontzertuaz geroztik taldeak jo ez zuena. Kontzertuan zehar, U2-k biran estreinatu zituen abesti berri batzuk ere jo zituen, disko bakar batean ere argitaratu ez direnak.
Bruce Springsteen & The E Street Band izan da Anoeta gehien errepikatu duen atzerriko taldea, eta hirutan izan da
Errepikatuena
Aipaturiko taldeez gain, Anoetan izan dira, baita ere, Depeche Mode britainiarrak (2006ko uztailak 23), The Rolling Stones (2007ko ekainak 23) eta Bon Jovi (2011ko uztailak 29).
Hala ere, Anoeta agertoki gisa gehien errepikatu duen taldea Bruce Springsteen & The E Street Band izan da. 2008an zapaldu zuten futbol zelaia lehen aldiz, uztailaren 15ean, Magic izeneko biraren barruan. Pink Floyden gisan, aldi hartan talde honek ere Donostia aukeratu zuen birari hasiera emateko, eta 40.000 lagunek abestu zituzten haien abestiak egun hartan.
2012ko ekainaren 2an itzuli ziren Donostiara, Wrecking Ball biraren baitan, eta 40.000 zalek erabaki zuten euri zaparradari kasurik ez egin, eta arreta guztia The Boss-en ahotsari jartzea. Arestian aipatu bezala, azken aldiz 2016an izan ziren Anoetan, The River biran Donostiari lekua emanaz. Hiru ordu eta 40 minutuko kontzertua izan zen, 43.000 entzuleren aurrean.
Badirudi orain Rammsteinek kontzertu handiei berriro ere atea zabaldu diela gurean, eta musika gustuko dutenentzat berri ona izan daiteke hiriak gisa honetako kultur ekitaldi indartsuak berhartzea.