Aurrerantzean ez da aurretiko hitzordurik eskatu beharko herritarren arreta jasotzeko
Donostiako Udalak kendu egin du udal bulegoetan aurrez aurreko izapideak edo kudeaketak egin ahal izateko aurretiko hitzordua izateko derrigortasuna. Joan den maiatzaren 20an sartu zen indarrean aldaketa hori, herritar batek aurkeztutako kexaren ondorioz, udalak Arartekoaren gomendio bat onartu ostean.
Apirilaren 24ko ebazpenean, Arartekoak erantzun egiten dio aurrez aurreko udal-kudeaketak egiteko aurretiko hitzordua ezartzearekin ados ez zegoen herritar batek jarri zuen kexari. Sistema hori covid-19aren pandemiaren ondorioz ezarri zen, eta ez zen ezabatu osasun krisia amaitu zenean.
Bada, Arartekoak ostiral honetan jakinarazi duenez, Donostiako Udalak jakinarazi dio, bere ebazpena aintzat hartuta, kendu egin duela betebehar hori, eta jada ez dela beharrezkoa aurretiko hitzordua Udalinfo zerbitzuaren bulegoetan artatua izateko.
Borondatezko aurretiko hitzordua
Udalak adierazi du, gainera, borondatezko aurretiko hitzorduaren funtzionamenduari buruzko informazioa hainbat kanalen bidez emateko asmoa duela, herritarrek “arreta eraginkorragoa eta pertsonalizatuagoa” jaso ahal izateko.