Berrinterpretatu, egungo egoerara moldatzeko
Intxaurrondoko arte garaikidea izan dute aztergai ekainaren hasiera honetan egin dituzten BAI topaketek. Hainbat artistek eta beste hainbat herritarrek hartu dute parte, eta elkarrekin, garai batean egindako eskulturak berrasmatzen gozatu dute.
BAI topaketak egin zituzten joan den asteburuan Intxaurrondon. Caradepan kultur elkarteak antolatzen duen ekimen honen helburua da arte publiko garaikidea herritarrei hurbiltzea, eta horrekin donostiarrak eta bisitariak estimulatu, konprometitu eta hunkitzea. Bada, jardunaldien ondoren, pozik agertu dira antolatzaileak, eguraldia lagun izan ez bazuten ere, 500 lagunek baino gehiagok hartu zutelako parte topaketa horietan.
Arte publikoa herritarrei hurbiltzeko, sortzaile garaikideak gonbidatzen dituzte, tokiko ondare artistikoa osatzen duten obrak berrinterpreta ditzaten. Aurtengoan, Intxaurrondoko kaleetako lau eskultura garrantzitsu izan dira BAI Topaketen protagonistak: Hazteko Moduak, Koldobika Jauregirena, Ume-jolasak eta Siluetak, Agustin Ibarrolarenak, eta Monolitoa, Equipo 57 taldearena.
500 lagunek baino gehiagok hartu zuten parte aurreko asteburuan egin zituzten BAI topaketetan, Intxaurrondon
Praktika artistikoari eskaini zioten larunbata, hiru familia tailerrekin. Intxaurrondo Kultur Etxean egin zituzten Elena Scaratti, Natalia Cambronero eta Uxue Lasa artistekin. Igandean, berriz, auzoan zehar ibilbide bat egin zuten, bezperan egindako herritarren berrinterpretazio artistikoak ezagutarazteko.
Azken afaria
Uxue Lasak (Getaria, 1984), adibidez, Equipo 57 taldearen Monolitoa hartu zuen oinarri, bere berrinterpretazioa egiteko. «Nik Monolitoa obrari menhir baten antza hartzen diot, hau da, hildakoei lehen zerurako bidea erakusteko jartzen ziren zutabe horietako bat. Beraz, nire obra heriotzarekin lotu dut, eta bururatu zitzaidan Gazako gerraren inguruan egitea nire berrinterpretazioa», azaldu dio Lasak hedabide honi.
Gazako gerraren ideiari pare bat buelta eman zizkion, eta honakoa bururatu zitzaion: «Leonardo da Vinciren Azken afaria koadroaren interpretazio bat egin nuen. Jesus eta apostoluak hilda jarri nituen Monolitoa eskultura dagoen biribilgunean, maindireekin bilduta, Palestinan jartzen dituzten modura. Makabro samarra, baina bueno».
Villabonan bizi da Lasa, eta bertako Sormen Tailerrak taldeko kidea da; diziplina anitzek eta belaunaldi desberdinetako kideek osatzen duten kolektibo artistikoa. «Villabonan artista dezente dago, eta elkarrekin lan egiteko modu polita iruditzen zitzaigun tailerrak eskaintzea. Duela pare bat urte inguru hasi ginen, eta tailerrak eskoletan eta kalean eskaintzen ditugu, besteak beste», azaldu du.
Lasari, bereziki, aniztasun funtzionala duen jendearekin lan egitea gustatzen zaio. Izan ere, berak dioenez, «edozeinek» egin dezake artea, eta Sormen Tailerrak taldearen helburua da jendeari erakustea materialik erosi gabe, etxeko gauzekin, artea egin daitekeela. «Orain arte, artea egitea garestia zen, baina gaur egun, doan eskuratu dezakezun material pila bat dago, sekulako jokoa ematen duena», adierazi du.
Artista gonbidatuen arabera, beharrezkoa da Euskal Herriko arte garaikidea eraldatzea, tradizionala den horretatik urrunduz
Hain zuzen ere, hori ikusarazteko, BAI topaketak egokiak direla uste du. Izan ere, artean berrerabilitako materialak erabiltzearen aldeko mugimendua badagoen arren, bada oraindik hori indartzeko beharra ere: «Erakundeek agian espero dute artistok oraindik lehengo moduetan aritzea. Gu, ordea, aurretik goaz, baina ez dakit gizarteak dagoeneko barneratu duen berritasun hori. Euskal Herrian harriarekin eta burdinarekin lotura handia dugu, baina gaur egun jendeak milaka material erabiltzen ditu. Erakundeek espero dute Txillidaren eta Oteizaren estiloko lanak egingo ditugula gaur egun ere. Horiek oso ondo daude, aitzindariak izan dira artearen munduan, baina orain pentsaera ireki behar dugu zentzu horretan».
Etxe giroan, lagun artean
Elena Scaratti artistaren taldean lanean aritu zen asteburuan Melisa Serotonine (Sestao, 1993) poeta. Larunbatean, Agustin Ibarrolaren Siluetak eskultura berrinterpretatuz, soinu instalazio bat egin zuten. Horrez gain, egongela bat muntatu zuten eskulturaren ondoan, eta bertaratu zirenekin bermuta hartzen aritu ziren, lagun artean. «Etxebizitza bat ez da eraikina soilik, baita pertsonak eta giroa ere, eta hori islatzea zen gure ideia», azaldu du Serotoninek.
Aitortu duenez, Scarattik hasieran zuen ideiari ezin izan zioten formarik eman, eguraldi txarra zela eta. Baina, hasierako ideia hori oinarri hartuz, gizakiaren memoria izan zuten mintzagai. «Bizitza ez dugu soilik hemen gaudenok osatzen, baita joan zirenek edo etorkizunean etorriko direnek ere. Gainera, orain egiten dugunak denboran zehar iraungo du. Adibidez, gure arbasoen etxea gure sentitzen dugu, eta familiarekin bertan elkartzen garenean, sentimendu hori ez da soilik etxearekiko; familia moduan eraikitako horrekiko ere bai», adierazi du Serotoninek.
Egongela itxurako instalazio horretan, musika egin eta bermuta hartzeaz gain, Serotoninek egindako poemak irakurtzen ere aritu ziren asteburuan. «Testu propioak ziren gehienak, eta gehienak etxearekin, familiarekin, lagun arteko sarearekin eta kidetasunarekin lotuta zeuden», azaldu du.
Oraindik ez du ezer argitaratu Serotoninek, baina Instagramen bere poemen zatitxoak jartzen ditu batzuetan. «Pentsatzen dut testu osoa argitaratzea oso arriskutsua dela, beste batzuek zure ideia lapurtu dezaketelako», aitortu du. Hala ere, aurrerago audioliburu bat argitaratzeko proiektua du esku artean, Alitruta taldeko kideekin batera.
Scarattik eta berak La Kontenedora arte elkartean ezagutu zuten elkar, iaz. Hain zuzen ere, Scarattik eta elkarteko beste kide batzuek lagundu diote Donostian integratzen. Intxaurrondoko arte garaikidearen inguruan galdetuta, erantzun du eskulturak «kuriosoak» iruditzen zaizkiola: «Mami asko dutela iruditzen zait. Artista gisa, pentsarazi egiten didate zer bururatuko ote zitzaien artistei horiek egiteko. BAI topaketak egokiak dira horretarako».