Donostia energia iturri desberdinez hornitzeko proposamenak eztabaidatzen
Zer gertatuko litzateke klima aldaketaren ondorioz Donostia energiaz hornitu eta berreraiki beharko bagenu? Erronka honi erantzunak eman asmoz energia iturri desberdinak ikasi ditugu Ekintza Ikastolako DBH 3ko ikasleek, baita eztabaidatu ere, non eta udaletxean.
Erronka polita bota ziguten Fisika-Kimikako irakasgaian: Imajina dezagun klima aldaketa dela eta, Donostia berreraiki eta energiaz hornitu behar dugula. Nondik hasi?
Aitzakia interesgarri horri helduta, energiaren gaian sakontzeko parada izan dugu DBH 3ko ikasleek. Energia eta energia elektrikoa ekoizteko iturri desberdinen lanketa egin dugu, zer diren, nola funtzionatzen duten eta zer abantaila eta desabantaila dituzten aztertuz.
Hiru eta lau ikaslez osaturiko zazpi talde aritu gara prozesu osoan zehar. Horretarako, talde bakoitzak iturri jakin bat aztertu dugu, zer den, nola funtzionatzen duen eta zer abantaila dituen ezagutuz. Horrez gain, beste taldeen iturrien desabantailak ere aztertu ditugu, iturri batera mugatzea saihestu eta ikuspegi zabalago batetik lanketa egin ahal izateko.
Besteen artean, erregai fosilak, energia nuklearra, biomasa, energia hidraulikoa, energia eolikoa, eguzki energia edota geotermiak ezagutu ditugu, eta informazio guztia bildu eta gero, poster bana sortu.
Landutako ideiak trukatzeko batzar bat antolatzeko asmoa genuen. Eta hori gutxi balitz, hasiera batean ikastolan bertan egitea aurreikusita bagenuen ere, azkenean Donostiako udaletxean egiteko aukera suertatu zitzaigun. Hala, batzar hori Eneko Goia Donostiako alkatea buru izan zuen osoko bilkuran bilakatu zen, eta eztabaida bere aurrean landu genuen.
Horrekin batera, talde bakoitzak energia iturri desberdinetan inbertitzeko aurrekontu bat geneukan eta bakoitzak gurea aurkeztu genuen. Erabakia hartzeko, hainbat datu eman zitzaizkigun aurretik, hala nola hiriko kontsumo elektrikoa, aurrekontua edota energia iturri bakoitzak eskatzen zuen inbertsioa.
Zer ondorioztatu genuen jakin nahi? Kontsumoa jaitsi ezean energia berriztagarriak soilik erabiliz ezin dela hiriko kontsumo guztia asetzera iritsi. Egunerokotasunean hartzen ditugun hainbat erabakiren bidez, guk sortu dugun arazo hau konpontzeko uste baino botere handiagoa dugula. Arazoaren parte garela, baina konponbidearen parte ere bai, alegia.
Proiektu honetan parte hartzea esperientzia aberasgarria izan da denontzat, ezagutzak bizitza errealera aplikatzea ahalbidetzen digulako, eta gainera, udaletxean aurkeztearen pizgarriarekin.
Energiaren arlo asko ukitu eta gero, zerbait argi geratu zaigu: sortzen baino, energia aurrezten jakitea oso garrantzitsua dela. Hortxe erronka!