EH Bilduk alkatearen presazko agerraldia eskatu du, Loiolako kuartelen salerosketaren xehetasunak eman ditzan
EH Bilduk espero salerosketaren aurretik "Kosta Legea eta horren balizko eraginak" kontuan hartu izana.
Azken egunotan alarma piztu da Donostiako Udalean, 1988ko Kostaldeko Legediaren arabera, Urumea ibai ertzean egiten den eraikuntza oro 100 metrotik gora egon behar delako. Loiolako kuartelek salbuespen propioa zuten muga hori jaisteko, kasu horretan “defentsa nazionalari lotutako ondasunak” zirela hartu zelako kontuan. Orain, baina, 20 metroko muga 100 metrora zabaltzeko izapideak hasi ditu Kostaldeko zuzendaritzak eta legedi horrek, bete betean eragingo luke kuartelen hirigintza proiektuan: aurrera aterako balitz, udalak eremuaren %70 inguru galduko luke etxebizitzak egiteko.
Hedabideetan albistea hedatu bezain laster, Donostiako Udalak jakinarazi du txosten bat egiten ari da Loiolako kuartelen eremuko mugatze lerroa 20 metrotakoa izateko eta adierazi du, halaber, Espainiako Estatuko Defentsa Ministerioak berak esan diola “seguru dagoela” gaia konpondu eta salerosketaren operazioa ondo bukatuko dela. Argudio horiek baina, ez dira nahikoak izan EH Bildu udal taldearentzat eta presazko agerraldia erregistratu du datorren astelehenerako, hilak 17, alkateak Lurralde Garapen Batzordean azalpenak eman ditzan.
Azaldu dutenez, datorren ekainaren 18an amaituko da Loiolako kuartelei dagozkien lursailen eskritura xedatzeko aurreikusitako epea eta, orduan, 64.447.697,43 euro ordaindu beharko ditu Donostiako Udalak. Juan Carlos Izagirreren taldeak dioenez, salerosketa egin aurretik “Kosta Legea eta horren balizko eraginak” kontuan hartu izana espero du: “Kontrakoa, arduragabekeria izango litzateke eta gertaera larri baten aurrean egongo ginateke”.
Horregatik guztiagatik, premiazkotzat dute Eneko Goia alkateak batzordean azalpenak ematea sinatutako akordioaren xehetasunak eta Defentsa Ministerioarekin izandako elkarrizketak argitzeko.