Iragarri ditu udalak Aste Nagusiko Sagueseko kontzertuak: Amparanoia, Esne Beltza, Los Zigarros eta Nogen, besteak beste
Ileak harrotzea, emozio positiboak sortzea, dantza giroa sustatzea eta maitasun ezari kantatzea du helburu udalaren programazioak.
Donostiako Udalak aurkeztu berri ditu Aste Nagusi ofizialeko kontzertu nagusiak. Urtero, gustu eta adin guztientzako eskaintza egiten saiatzen da udala, eta aurtengo zortzi emanaldietan ere aniztasuna izan dute ardatz . Lehen egunean, abuztuaren 10ean, Amparanoia eta Los artistas del gremio izango dira Saguesko oholtza gainean: “Maitasun ezari kantatzen hasiko dugu astea eta ekarpen interesgarria izango da izen handiko txaranga bat izatea oholtza gainean”, adierazi du Jon Insausti kultura zinegotziak.
Abuztuaren 11an, berriz, “agur esateko” unea iritsiko da, Esne Beltzak bere azken kontzertuetako bat eskainiko baitu Donostian, 17 urteko ibilbideari errepasoa eginez: “Guk ere gure omenaldia egin nahi genion Xabi Solanoren taldeari”. Abuztuaren 12an, DJ gaua izendatu dutena izango dute aurrenekoz, eta bogan dauden Ben Yart, Kiliki Frexko, Chill Mafia kolektiboko kideak arituko dira, Brava DJ donostiarra lagun dutela.
Abuztuaren 13an, asteartean, pop espainiarra izango da nagusi, izan ere, Nil Molinerrek alaituko du Sagues inguruan. Abuztuaren 14ean, Totally Tina ikuskizuna egingo dute, Tina Turnerren bertsioekin, eta “ileak harrotzeko tartea” izango dute donostiarrek. Abuztuaren 15ean, Nogen donostiarren txanda izango da, haien hirugarren lan luzea aurkezten ari diren honetan. Abuztuaren 16an, Los Zigarros valentziarren rock and rolla izango da, eta, azken egunean, abuztuaren 17an, La La Love You pop punk talde madrildarra arituko da.
2024ko kartela
Galzagorta estudioak egin du aurtengo kartela eta abuztuaren egutegia irudikatzen du, zenbakien garrantzia nabarmenduta: “Gure asmoa zen aste nagusia, aste handiaren nagusitasuna nabarmentzea. Abuzutuko egutegi osoa ikusten dugu baina aste nagusiko zenbakiak handitu egin ditugu, hirian jai giroaren eztanda egoten delako”. Diseinuak “Letraset orriei” omenaldia egin nahi izan diela azaldu du zinegotziak.
Insaustik gaineratu duenez, Lanzagorta estudioak harreman estua dauka gai kulturalekin eta baita musikarekin ere: “Lan asko egin dute San Telmo museorako eta Jazzaldirako, besteak beste. Eta baita ere, musika ere zuzen zuzenean ezagutzen dute Rafa Alberdi edo Mikel Erentxunen CDetako diseinuan parte hartu dutelako”.