Raquel Samitier artistaren obrak ikusgai, Aiete Kultur Etxean
Hiru hilabetero, irudigile baten lana eskaintzen du Ilustratzailearen Txokoak, Aiete Kultur Etxean. Oraingoan, Raquel Samitier artistaren (Iruñea, Nafarroa, 1982) lanak daude ikusgai, irailaren 8ra arte.
Samitier Giza Zientzietan (Kultura Kudeaketa, Nafarroako Unibertsitatea, 2004) eta Arte Ederretan (EHU, 2010) lizentziatua da. Noaingo (Nafarroa) Kultur Etxean kultura teknikari laguntzaile gisa lan egin zuen zortzi urtez eta, bitartean, teknika piktoriko, digital eta narratiboetan trebatu zen, Antonio Lopez, Flavita Banana, Dario Adanti, Jose Luis Agreda, eta Pablo Albo bezalako artistek emandako hainbat ikastaro eta tailerretan.
2024an, Galtzagorri elkarteak Iruñeko Udalarekin batera urtero antolatzen duen Biko-Teka tailerra egin du, Etor Iraola idazlearekin batera. Bertan, astebetez, haurrei zuzendutako albumak sortzeko prozesuan murgildu da, Harkaitz Cano idazlea eta Aitziber Alonso ilustratzailea gidari izan dituelarik. Rakel Smatierren gaur egungo proiektu pertsonala, oro har, haurrentzako albumetara bideratuta dago. Horren bitartez, bere hitzetan, “ilustrazioa eta narrazio grafikoa uztartu” ditzake “haurren mundu liluragarri eta zoroa esploratzeko”.
Euskal Haur Literaturaren esparruari dagokionez, zenbait liburu argitaratuak ditu: Gretaren lagun onena (Yolanda Arrieta eta Raquel Samitier; Denonartean, 2022), Gorka Kaputz eta bere zomorroak (Raquel Samitier; Denonartean, 2021), Basajaun eta munduko beste lagun iletsu batzuk (Donald Navas eta Raquel Samitier; Itzul.: Jone Hualde; Denonartean, 2021), Behisuzkoa (Ines Saenz de Pipaon eta Raquel Samitier; Erein, 2021), Rotia eta Rensu album bilduma (Bakarne Atxukarro, Izaskun Zubialde eta Raquel Samitier; Erein, 2021), besteak beste.
Lan horietaz gain, ilustratzaile gisa lanean bestelako egitasmoetarako ere aritu izan da. Hala nola, Elkar Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketaren 16. edizioko kartela, Elkarren Euskarazko Jolasen Katalogoa (2023-2024), Nafarroako VI. Edizio Azokako kartela eta Alaitz ikastetxeko liburutegiko Ipotxen Liburutegia murala berak eginak dira. Gaur egun, Samitier Iruñean bizi da eta, eta inoiz halakorik lortuko zuela uste ez bazuen ere, lanbidez ilustratzailea da. Bere sorkuntzak bezero eta egitasmo bakoitzak eskatzen dizkion teknika eta estiloari egokitzen trebea da.