«Zaila izan den arren, esperientzia hartzeko oso positiboa izan da»
Donostiako Atletiko belar hockeyko taldeak Ohorezko Maila lehiatu du, baina lau puntu eskuratuta, ezin izan dute maila mantendu. Taldea gaztea izanik, hurrengo denboraldiari begira prestaketarako oso baliagarria izan zaie, eta maila igoera izango dute jomuga.
Aurtengo denboraldia zaila izan da Ohorezko Mailan. Barrutik zer balorazio egiten duzue?
Josu Najera (J.N.): Nire ustez, nahiko positiboa. Zaila izan den arren, esperientzia hartzeko eta taldeko gazteenek ikas dezaten oso baliagarria izan da.
Manu Ruiz del Cerro (M.R.): Gure taldean jubenil asko ditugu. Nahiz eta maila gorenean jokatzeko lehen esperientzia aurten izan, aukera aprobetxatu dugu eta asko ikasi dugu hurrengo urteari begira. Aurten ikasitakoa islatzen saiatuko gara, eta berriro ere maila igoera lortzen saiatuko gara.
Lehiaketari begira, aurtengo sailkapena erreparatuz, salto handia dago goiko eta beheko postuen artean. Jokalari gisa, nola bizi duzue aldaketa hori?
J.N.: Desberdintasun oso handia dago. European Hockey Leagueko (EHL) partidak jokatzen dituzten taldeak daude sailkapeneko lehenengo postuetan. Gainera, talde horiek Parisko Olinpiar Jokoak jokatzera joango diren jokalariak dituzte. Horregatik, normala da ligak maila altua izatea. Nire ustez, edozein kiroletan gertatzen da, futbolean ere begibistakoa da, eta hockeyan ere nabari dugu aldaketa.
Talde indartsu horien aurkako partidak prestatzeko beste motatako entrenamenduak prestatzen dituzue?
J.N.: Ez nuke esango. Aurten, adibidez, alde fisikoa gehiago landu dugu, baina antzeko prestaketa dela esango nuke. Entrenamenduak ez dira asko aldatzen partida hauei begira. Aurten asko nabaritu dugu fisikoki hirugarren edo laugarren zatira ez zarela berdin heltzen. Aurreko urteetan, fisikoaren aldetik maila altua erakusten genuen taldea ginen, beste taldeekin konparaketa eginez. Aurten, aldiz, kontrakoa bizi izan dugu.
M.R.: Prestaketa berdina den arren, partidan sartuta zaudela, jokatzeko modua aldatzen da. Pixka bat atzerago zaude, saiatzen zara defentsiboki jokatzen; baina, urte osoko prestakuntza beste urteekin konparatuz, berdina izan dela esango nuke, alde fisikoari arreta handiagoa eskainiz.
«Aurreko urteetan, fisikoaren aldetik maila altua erakusten genuen taldea ginen. Aurten, aldiz, kontrakoa bizi izan dugu»
Esperientzia hau oso baliagarria izango zaizue bigarren mailatik Ohorezko Mailarako igoera berriro ere lortzeko.
J.N.: Azkenean, prestakuntza bat da, bai fisikoki, bai teknikoki. Askoz gehiago ikasi dugu aurten talde indartsuen aurka jokatuz.
Hurrengo sasoiari begira, maila igoera izango litzateke helburu nagusia?
J.N.: Bai. Urteko bigarren zatirako, goreneko ligan egotea gustatuko litzaiguke, eta ikasitako guztia erakutsi eta sailkapeneko lehenengo postuetan egon.
Lehenengo puntua urrian lortu zenuten, Taburienteren aurka berdinduta. Nola oroitzen duzue?
J.N.: Gehiago behar genuenaren sentipena daukat. Taburienteren aurka izan zen, sailkapeneko arerio zuzena jaitsiera ekiditeko, eta gainera, etxean izanik, sentipenak gazi-gozoak izan ziren. Talde horren aurka hiru puntuak lortu behar genituen, kosta ala kosta.
Azkeneko partida irabaztea lortu zenuten. Jakinda Ohorezko Mailako azken postua zuena zela, nola izan zen garaipena?
J.N.: Beraiek ere bazekitenez Ohorezko Mailan mantenduko zirela, ez genuen gure maila altuena erakutsi. Ez duzu esfortzu berdina egiten zerbait jokatzen baduzu edo aurretik baldin badakizu emaitza horrek ez duela sailkapenean eraginik izango. Bi taldeei berdin zitzaigun partida irabaztea edo galtzea. Nahiz eta jokoan ezer ez eduki, oso pozik hartu genituen hiru puntu horiek.
Denboraldi osoan zehar motibazioa mantentzea zaila izan da?
J.N.: Lesio bat izan dut, eta, kanpotik ikusita, bai. Oso zaila izan da taldea horrela ikustea. Gogorra da 10-0 galtzea, baina ikasteko da. Beste urteekin alderatuz, aurreko denboraldietan irabazteko behar handiago eta aurreikuspen gehiago genituen. Aurten, ordea, baganekien oso zaila izango zela edozein talderi irabaztea. Horrek, min handia eragin digu psikologikoki.
M.R.: Barrutik ikusita, aldiz, denboraldi luzea izan da. Hasieran, motibazioa oso ondo mantentzen genuen, galdu edo irabazi. Aldi berean, partida garrantzitsu bat galtzean, segituan hurrengo partidan pentsatzeak asko kostatzen du. Jarrera orokorrean ona izan da denboraldian zehar, eta hurrengo urteari begira irrikaz gaude.
Bidaiek ere eragina dute taldea hain gaztea izanik?
J.N.: Bidaiak denboraldiko gauza onenetarikoa izan dira. Partida galduta ere, bueltako bidaietan ez zegoen giro txarrik, pozik bueltatzen ginen. Zelai barruko porrotaren giroak ez zuen eraginik.
M.R.: Pentsatu behar dugu Espainiako jokalari onenen aurka jokatzeko aukera daukagula, eta hori oso berezia da. Horrek ere motibazioa ematen du Madrilera edo Bartzelonara joateko, nahiz eta asteburu bat galdu lagunekin egoteko. Zure taldean ere lagunak dituzu, eta planifikazioa ona bada, errazagoa da.
«Etxeko jokalariak zainduz eta ditugun baliabidekin, proiektu ona egin daiteke»
Donostian, belar hockeyaren kasuan, gizonezkoen talde bakarra dago. Gazteak erakartzeko arazoak dituzue?
J.N.: Noski. Azkenean, hockeya ez da oso ezaguna Donostian, ezta estatuan ere. Horregatik, zailagoa da jendea lortzea eta harrobia egitea, baina hala ere, pixkanaka-pixkanaka, lanean ari gara gazteak erakartzeko eta ezagunagoa egiteko.
M.R.: Gipuzkoako Hockey Federazioak jarduera batzuk egiten ditu gaztetxoen artean hockeya sustatzeko. Nahiz eta Ohorezko Mailan Gipuzkoak talde bakarra izan, maila baxuenetan talde gehiago daude. Etxeko jokalariak zainduz eta ditugun baliabideekin, uste dut proiektu ona egin daitekeela.
Hau esanda, zer etorkizun du taldeak?
M.R.: Klubak etxeko taldea nahi du, bertako talentua suspertzen ahalegintzen da. Ahal badugu, saiatuko gara ahalik eta jokalari gehienak etxekoak edo Donostia ingurukoak izaten.
J.N.: Oso maila altua daukate. Nire ustez, etorkizun polita daukagu hurrengo denboraldiei begira.