Apar festaz gozatu dute Buenavistan etxeko txikienek
Atzo eman zieten hasiera Buenavistako jaiei, eta gaur, giro polita izan dute arratsaldean egin duten apar festan. Batez ere haurrentzat prestatu dute gaurko egitaraua, eta goizean, buruhandiak eta marrazki lehiaketa egin dituzte. Bazkalostean, bainujantziak eta txankletak jantzi, eta apar festaz gozatu dute hamarnaka haurrek.
16:30ean hasi da apar festa, baina minutu batzuk lehenago nabaria zen urduritasuna haurren artean. “Apar festa!!!” oihuak nagusitu dira Buenavistako parkean, eta makina aparra botatzen hasi denean, irribarre politak marraztu zaizkie umeei aurpegietan. Hori gutxi balitz, aurpegi margoketa izan dute jarraian, eta askarirako, txokolatea prestatu dute auzoan.
19:00etan, Radio Rebelderen kontzertua izango dute, eta sardina jana jarraian. Gauean, Oarso DJ-a arituko da musika jartzen (ikusi egitaraua osorik).