Ander Cepas mahai teniseko jokalaria Parisko Jokoei begira jarri dute
Parisko Paralinpiar Jokoetan ariko da donostiarra, estreinako aldiz, eta dominen lehian aritzeko hautagaietako bat da.
Abuztuaren 28tik irailaren 8ra bitarte izango dira Parisko Paralinpiar Jokoak, eta Donostiak hainbat ordezkari izango ditu. Iñigo Llopis eta Nahia Zudaire igerilariak dira ezagunenak, ziurrenik, baina badira beste batzuk. Ander Cepas mahai teniseko jokalaria da horietako bat. Haren bizitza eta orain arteko ibilbidea jasotzen duen erreportajea plazaratu du BAT Basque Team fundazioak.
BAT To Paris erreportaje sortaren Abiapuntu ezberdinak, helburu berdina zazpigarren atalean agertzen da Cepas, Iker Sastre bizkaitarrarekin batera. Mahai tenis egokituari buruzkoa da, eta bi jokalarien testigantza jasotzen du. Biak ariko dira Parisko Paralinpiar Jokoetan, eta antzeko helburuak dituzte; podiumera igotzea.
Cepasen estreinako jokoak izango dira. Azken bi urteotan garapen harrigarria izan ostean, dominen lehian aritzeko hautagaietako bat da.