'Janela. Leiho bat Gorka Urbizuren unibertsora' erakusketa, uztailaren 14ra arte ikusgai Donostian
Janela. Leiho bat Gorka Urbizuren unibertsora erakusketa ikusgai dago Santa Teresa komentuan, uztailaren 14ra arte. Gorka Urbizu musikariaren bakarkako bide berria erakusten du erakusketak, 25 urtez Berri Txarrak taldearen buru izan ondoren. Erakusketa honek Hasiera Bat diskoaren sormen prozesurako sarbidea eskaintzen du, “lan sotil eta delikatua, kantuaren bihotzera bidaia sentsorial bat egitera gonbidatzen gaituena”.
Garbiñe Ortega komisarioak Gorka Urbizuren, Ibai Arrieta del Pico argazkilariaren eta Alexander Cabeza Trigg zinemagilearen lana bildu du, ikuslea Lleidako (Herrialde Katalanak) Teatre de Ca l ‘Eril grabazio estudioan murgilduko duen esperientzia sortzeko. Argazkien, 16 mm-ko filmen eta zuzeneko taldearen uneen bidez, erakusketak Gorka Urbizuren ibilbideko hasiera berri honen sorrera erakusten du.
“Museo altzari guztiak Recreakultenak dira, eta proiektuaren oinarri den etika indartzen laguntzen dute. Etika hori materialen berrerabilpenean eta kultura sektorearen ingurumen-inpaktua murriztean oinarritzen da, jasangarritasuna helburu dela”, azaldu dute antolatzaileek.
Joan den ostiralean, Urbizuk Hasiera bat diskoko kantu batzuk jo zituen erakusketaren inaugurazioan, eta ekitaldi horrekin eman zioten hasiera Dock of the Bay Donostiako Musika Dokumentalen 17. jaialdiari.