Nobu hotelaren erreforman ondarearen aurka egindako ustezko delituak ikertzen ari da Fiskaltza
Ancora elkarteak jakinarazi duenez, Gipuzkoako Probintzia Fiskaltzak ikerketa bat abiarazi du Nobu hotelaren erreforman ondarearen aurkako ustezko delitu bat egin ote zen argitzeko, eta ustezko arduradunak identifikatzeko. Mirakontxako eraikina bost izarreko hotel bihurtu zuten iaz, baina zaharberritze lanetan arau hausteak egon zirela baieztatzen du Ancorak. Ondarearen babesean lan egiten duen elkarteak, azaroan eman zuen arau hauste horien berri, eta euren arabera, Ingurumen eta Hirigintza Ataleko fiskalak prozesuaurreko eginbideak abiarazi zituen horren ondotik .
Villa Vista Eder (egungo Nobu Hotela) Francisco Urcola arkitektoak 1902an proiektatutako eraikina da, eta Hirigintza Ondarea Babesteko Plan Berezian (HOEBPB) katalogatua dago. Horrek, baina, irizpide batzuk ezartzen ditu babestuta dauden eraikin ororengan, eta Ancoraren arabera ez dira bete.
Elkartearen arabera arau hausteek eraikinaren aurrealdeari eragiten diote: fatxada babestuak baimenik gabe eraistea, elementu iraunkorrak suntsitzea (errementeria, balkoiak eta teilatu hegala), babestutako irudi arkitektonikoa aldatzea, estalkiaren morfologia aldatzea, ezkutuko eraikuntza jarduera handitzea eta hotel jarduera garatzea 2023ko abuztutik azarora bitartean, lizentziarik gabe.
Ancorak dioenez, aldaketa horiek guziak “udal arkitektoak egiaztatu zituen”. Landutako txostenean ondorioztatu zuenez, hotelaren azken solairuan, estalkian eta fatxadan aldaketak egin zituzten obra gauzatzeko fasean, eta “aldaketa horiek ez zetozen bat emandako lizentziekin, ezta HOEBPBaren zehaztapenekin ere”. Hala, eraikina bi astez egon zen itxita abenduan, estalkipeko eremua kendu Lehen Okupazio Partzialerako lizentzia lortu zuen arte.
Gauzak horrela, Hirigintza Sailak Toki Ondarearen Aholku Batzordearen bilkura deitu du ostegunerako. Bilkura horretako aztergaien zerrendan Vista Ederren ondarea zenbateraino aldatu den zehazteko asmoa duten, ondoren legezkoa izan den ala ez baloratzeko. Ancora, baina, kritiko agertu da udal gobernuarekin, eta Ondarearen Aholku Batzordean ordezkaritza duenez, horren aurka bozkatuko duela iragarri du; izan ere, euren arabera, hirigintza babesteko planak “katalogatutako elementua arau haustea izan den jarduketaren aurreko egoerara lehengoratzea”.