Palestinako bandera erraldoi bat zabaldu dute Miramarren, Andres Calamarok emango duen kontzertua salatzeko
Asteazkenean, Calamaroren kontzertuaren egunean, elkarretaratzea egingo dute Miramarren, 20:00etan.
Andres Calamaro musikariak Miramar Gauetan asteazkenean (hilak 19) emango duen kontzertuari boikota egitera deitu du Donostiako herritar talde batek, Palestinako genozidioa “txalotzen” duelakoan. Horren harira, protesta egin dute astelehen arratsaldean Miramar jauregiaren kanpoaldeko lorategietan, Palestinako bandera erraldoi bat zabalduz. Asteazkenean, Calamaroren kontzertuaren egunean, egingo duten elkarretaratzearen aurrerapen gisa egin dute protesta: 20:00etan deitu dute elkarretaratzera, Miramar jauregiko sarrera nagusian.
“Israelgo Estatu genozida txalotzen ari den Andres Calamaro Donostiara gonbidatua dela ikustean ezin gara isilik egon”, adierazi dute: “Calamarok diskurtso guztiz arrazista eta buloak erabiltzen ditu, supremazismo sionistaren diskurtso bera, komunikabide gehienen laguntzarekin izugarrikeria hori guztia posible egiteko erabili zirenak eta oraindik ere erabiltzen direnak”. Horrela, Miramar Gauak ekitaldiaren sustatzaile Get In enpresari eta CaixaBank banketxe antolatzaileari eskatu diete Calamaroren izena kentzeko.
Calamarok duela gutxi sarean egindako adierazpenen harira egin dute boikotera deia. Residente artistak Palestinako herriaren alde egindako kanta bat zela eta, Calamarok “bulo” eta erantzun “supremazistekin” erantzun ziela argudiatu dute. Hau da Calamarok zabaldu zuen mezuaren zati bat: “Ez da herri palestinarrik existitzen, hau da ‘mundu’ arabiarrean dagoen okerrena… Ez Palestina, ez arabiarrak ez daude Hamasengandik ordezkatuta, Rene [Residente], zuek eta ni bezalako jende baketsua hil eta bortxatuko zutela zin egin baitzuten. Mendebaldea gara, ez matxistak, ez Erdi Arokoak. Gora Israelgo Estatua”.