'Salto batean' izango da Dbusen udako kanpaina, eta zuhaitz igela izango da protagonista
Dbusek Salto batean udako kanpaina aurkeztu du astelehen goizean udaletxean, udan ere donostiarrak zein bisitariak hiriko autobusak erabiltzera animatzeko. “Kanpaina fresko eta dibertigarria da, eta Dbusen elementurik ikoniko eta adierazgarriena du protagonista: igela. Animalia hori nahi duen lekura arin iristeko gai da, salto batean!, hori eginda baino ez. Eta konparazio horrekin herritarrak eta bisitariak gonbidatzen dira garraio publikoa erabiltzera, hiriko edozein toki eta planetara joateko”, azaldu dute prentsaurrekoan.
Azken hilabeteotan, Dbusen zerbitzu ugaritan murrizketak egin dituzte, baina, hala ere, Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziak esan du hiriko garraio publiko sistema “inbidiagarria” dela: “Gure helburuetako bat da horren erabilera sustatzen jarraitzea bai donostiarren artean, bai hiria bisitatzen duten pertsonen artean, batez ere udan. Dbusen bidaiatzea, erosoa eta segurua izateaz gain, efizientea, jasangarria eta irisgarria ere bada, eta hirian mugitzeko funtsezko pieza bihurtu da”. Ildo beretik, Igor Gonzalez Dbuseko Zuzendari Gerenteak zera gaineratu du: “Uda garaian, errutinatik ateratzen gara, askoz plan gehiago egiten ditugu eta hirian zehar gehiago mugitzen gara, eta Dbusekin hiriko txoko horietara guztietara iritsi gaitezke, eroso eta estresik gabe”.
Azaldu dutenez, “garraio publikoa erabiltzearen garrantziaz eta erabiltzaileei ematen dizkien onurez sentsibilizatu eta kontzientziatu nahi da: garraio publikoan eroso eta modu entretenigarrian bidaiatzen da: musika entzun daiteke, irakurri egin daiteke, eta abar; Dbusen bidaiatzeak lasaiago bidaiatzeko aukera ematen dio erabiltzaileari, norberak gidatzen duenean ez bezala, orduan pazientzia galtzen dugu eta; bidaia azkarrago egiten da, izan ere, autobus erreiei esker auto ilarak saihesten dira eta, beraz, helmugara lehenago iristen da; garraio publikoan bidaiatzea merkeagoa da, aparkalekuaren edo TAOaren eta gasolinaren gastuak aurrezten dira eta hiri garraioaren erabilera garbia da, trafikoa arintzen baita eta, beraz, ingurumeneko kutsadura eta kutsadura akustiko gutxiago dago”.
Irudiak eta iragarkia
Kanpaina “Donostiako udaren adierazgarri diren plan batzuen” bost irudik osatzen dute, autobus konpainiaren irudi den hegoaldeko zuhaitz igela protagonista izanda, eta ostiraletik aurrera, markesinetan, autobusetan, Dbusen webgunean eta sare sozialetan egongo dira ikusgai. Horrez gain, Bide Indarkeriari Stop elkartearekin elkarlanean, udan autobus zerbitzuaren erabilera sustatzeko iragarkia ondu dute, eta Oscar Terol aktore donostiarra da protagonista. Hori ere ostiraletik aurrera ikusi ahalko da, autobusetako pantailetan, Dbusen webgunean eta Dbusen zein Bide Indarkeriari Stop elkartearen sare sozialetan.
Bide segurtasunaren babeserako euskal elkartea da Bide Indarkeriari Stop. 2020an sortu zen, eta helburu hauek ditu: bide ezbeharretako biktimei babesa ematea eta laguntzea eta bide segurtasuneko kultura sustatzea gizartean, gidariak kontzientziatuz eta sentsibilizatuz eta prebentzioaren bidez, errepideetako tragediak murrizteko.
Hain zuzen ere, elkarteko presidente Rosa Trinidadek azaldu duenez, “testuinguru horretan egin da spot hau, autobusean bidaiatzearen eta autoz bidatzearen artean dagoen aldea erakusteko, eta, horrela, garraio publikoaren erabileraren garrantzia nabarmentzeko”. “Garraio publikoak harreman zuzena du gure errepideetako ezbehar tasaren murrizketarekin. Izan ere, ezbehar tasa nabarmen txikiagoa da garraio publikoan automobil pribatuan baino”, gaineratu du Trinidadek.