Udalak ez ditu kuarteletako eskriturak sinatuko, mugatze lerroaren inguruko afera argitu arte
Loiolako kuartelen eremuan eraikiko dituzten etxebizitzen eta Urumea ibaiaren arteko muga hogei metrokoa izatea nahi du Donostiako Udalak, baina Espainiako Gobernuaren Trantsizio Ekologikoko Ministerioaren Kostaldeko zuzendaritzak ehun metroko gutxieneko mugatze lerroa ezartzen du. Hori dela eta, kuartelen salerosketa prozesuak oztopo berri batekin egin du topo, eta Eneko Goia alkateak gaiaren inguruan hitz egin du gaur, EH Bilduk eskatuta, Lurralde Garapen eta Plangintzarako batzordean.
Horren ostean egindako adierazpenetan, nabarmendu du “izapide administratibo bat” dela afera: “Gaiak juridikoki badauka bere azalpena, pixka bat konplexua izan daitekeena, baina guk nahiko argi ikusten dugu. Hemen gertatzen dena da Kostaldeko zuzendaritzak bere muga hogei metrora gutxitze hori argudiatuta zegoela, Defentsa Ministerioaren eraikin bat zelako. Jada ez da Defentsa Ministerioarena, eta, beraz, salbuespena ezin da horretan oinarritu”.
Hala ere, udalarentzat, gune hori “urbanoa” da: “Harremanetan gaude eta izapidea bide horretatik joango da. Gutxienez, gure planeamenduaren arabera urbanoa da eremua, 1962tik. Guk hala ikusten dugu, Defentsa Ministerioak ere bai eta Ura erakundeak ere bai. Hiru erakundeok zentzu berean egingo ditugu beharrezko alegazioak, Kostaldeko zuzendaritzak hogei metroko muga hori ezarri dezan, argudio honen arabera”.
Era berean, Goiak nabarmendu du udalak ez dituela kuarteletako eskriturak sinatuko, gaia argitu arte: “Izapide administratiboa da, eta hau burutu arte ez ditugu eskriturak sinatuko. Bi hilabeteko epea eman diogu elkarri izapidea amaitzeko eta nik uste dut normaltasun osoz joango dela. Uste dut denbora kontua dela, izapidea burutzeko behar den denbora. Eta, behin hori eginda, arazorik gabe aurrera jarraitu ahalko dugu”.
73,3 milioi
Gogoratu behar da udalak eta Espainiako Defentsa Ministerioak 2022ko azaroan adostu zutela kuartelen salerosketa akordioa eta handik urtebetera itxi zutela salerosketa, 73,3 milioi euroren truk; bost milioi ordaindu dituzte dagoeneko, 65 milioi eskriturak sinatzean ordaindu beharko dituzte eta beste hiru milioi operazioa bukatzean.
Bertan, 1.500-1.700 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du udalak. Oraindik ez dago zehaztuta etxebizitza horietako zenbat izango diren babestuak, baina akordiorako balorazio teknikoa egin zutenean, legeak ezartzen duen minimoa hartu zuten aintzat: %60 libreak eta %40 babestuak (%20 tasatuak eta %20 babes ofizialekoak).
Kuartelek hartzen duten 17,5 hektareako eremuaz gain, Uliako sei hektareako eremu bat ere udalaren eskuetara pasatuko da, baina dena ezin da urbanizatu. Hain zuzen ere, 142.000 metro koadro bideratuko dituzte bizitegi erabilerara, eta 8.000 erabilera tertziariora, alkateak akordioa adostu zutenean esan zuenez.