Auzoa ezagutu, eraldatzeko bideak eta borrokak eraikitzeko
Saretxe Groseko Etxebizitza Sindikatuak eskatuta, Haritik Hirira geografo taldeak 'Auzoa ezagutuz, auzoa eraldatuz' ikerketa ondu du, eta horren aurkezpena egin zuten astelehenean, Okendo Kultur Etxean, Hondarpe auzo elkarteak antolatutako Udaberri Gorriaren barruan.
Donostiari buruzko hainbat ikerketa plazaratu dituzte Haritik Hirira geografo taldeko Josu del Campok eta Jon Maciasek 2021etik, hala nola, apustu etxeei buruzkoa, hiriko hotelen bilakaerari buruzkoa, etxebizitza turistikoei buruzkoa eta euskararen kale erabilerari buruzkoa. Oraingoan, ordea, Saretxek eskatuta, Grosen zentratu dira, “Gros gertutik ezagutzeko, auzoaren diagnostiko orokorra eta zonalde desberdinen azterketa eginez”. Horrela, “etxebizitza arloan sindikatutik hartu daitezkeen erabakiak erraztu eta osatu” nahi dituzte.
Auzoa ezagutuz, auzoa eraldatuz da ondu duten ikerketaren izena, eta txostena hurrengo asteotan osatuko badute ere, ikerketatik ateratako zenbait datu adierazgarri azaldu zituen Del Campok astelehenean Okendo Kultur Etxean. Datu irekiak erabiliz (INE, Eustat, Donostiako Udala eta InsideAirbnb), hiru arlo hauetatik aztertu dute Gros: biztanleria, etxebizitza eta etxebizitza turistikoak. Oro har, honela laburbildu zituen Del Campok ikerketak emandako datuak: “Laburbilduz, Gros auzo zaharkitua da, biztanlerian joera beherakorra duena, gero eta jende gehiago duena alokairuan bizitzen, baina, aldi berean, gero eta zailagoa da etxe bat bizitzeko alokatzea, prezioaren, etxebizitza turistikoen eta etxebizitza hutsen eraginez, besteak beste”.
Etengabe biztanleak galtzen
Biztanleriari dagokionez, Donostiak gero eta biztanle gehiago dituen bitartean —2023an, lehen aldiz, 189.000 biztanleen langa gainditu zuen hiriak—, Grosek gero eta biztanle gutxiago dituela erakusten du ikerketak: 2004an, 20.500 biztanle zituen auzoak eta, 2023an, 17.942. Del Campok nabarmendu zuen antzeko fenomenoa bizi izan dela turistifikazioa gehien jasaten duten hiriko beste auzo batzuetan, Erdialdean eta Antiguan adibidez, baina horietan uneren batean hazkundeak eman direla; Grosen, aldiz, ez da hazkunderik egon urte bakar batean ere.
Era berean, Donostiako auzo zaharkituena eta zahartze indize altuena da Gros, 49,73 urteko batez besteko adinarekin eta 16 urteko 100 biztanleko, 65 urteko 300 biztanle baino gehiagorekin. Zentsu sekzioka ere aztertu dute Groseko errealitatea, eta horrek erakusten du ia hamar urteko aldea dagoela auzoko gune batzuen eta beste batzuen artean: Txofre inguruan, esaterako, batez besteko adina 54,5 urtekoa da, eta Secundino Esnaola kalearen inguruan, Jai Alai inguruan eta Iztueta inguruan, aldiz, 45,2 urtekoa, 47,2koa eta 46,9koa, hurrenez hurren. Alde hori are nabarmenagoa da 65 urtetik gorako biztanleen ehunekoa aztertuz gero, Txofre inguruko bizilagunen %44,55ak 65 urte baino gehiago baititu, eta Secundino Esnaola inguruan, aldiz, bizilagunen %22,73ak da 65 urtetik gorakoa.
Groseko biztanleen errenta maila ere aztertu dute geografoek, eta arrakala nabarmenak daudela utzi dute agerian: alde batetik, emakumeen batez besteko errenta 19.386 eurokoa da urtean pertsonako, gizonezkoena 26.407 eurokoa den bitartean; bestetik, jatorri atzerritarreko bizilagunen urteko batez besteko errenta 8.356 eurokoa da, eta jatorri atzerritarra ez dutenena 24.760 eurokoa. Arrakala, era berean, zentsu sekzioka ere nabarmena da: errenta altuenak Kursaalaren inguruko eremuetan daude (25.000 euro inguru pertsonako urtean) eta baxuenak Katalunia eta Nafarroa Beherea plazen bueltan (18.000 euro inguru pertsonako urtean). Donostiako batez besteko errenta 21.481 eurokoa da pertsonako urtean.
Arrakala horietako batzuen arteko lotura erraz egin daiteke, jatorri atzerritarreko biztanleen ehunekoa zentsu sekzioka aztertuz. Izan ere, Haritik Hiriraren ikerketaren arabera, jatorri atzerritarreko biztanleen ehunekoa bikoiztu egiten da Kursaalaren ingurutik (%6aren bueltan) Katalunia eta Nafarroa Beherea plazen ingura (%12aren bueltan).
Alokairuaren gorakada
Etxebizitzaren arloari erreparatuta, geografoek plazaratutako datuek erakusten dute Grosen igo egin dela azken urteotan alokairu libreen kopurua, baina, era berean, prezioa ere etengabe igo dela: 711 etxebizitza zeuden alokatuta Grosen 2018an eta 1.175 2023an, baina, aldi berean, alokairuaren batez besteko prezioa 896 eurokoa zen 2018an eta 1.033 eurokoa 2023an —Donostiako batez bestekoa ere 1.000 euroen bueltan dago—.
Etxebizitzen jabetza erregimenari dagokionez ere arrakala nabarmenak daude zentsu sekzioen arabera. Hain justu, eremu zaharkituenetan daude alokairuzko etxebizitza gutxien eta gazteenetan gehien: Txofre inguruan, esaterako, bizilagunen %8,84 da alokairuan bizi dena eta Secundino Esnaola inguruan, aldiz, %21. Eta, logikoa den moduan, kontrakoa gertatzen da euren jabetzazko etxebizitzan bizi diren bizilagunen proportzioan: Txofre inguruko bizilagunen %74,59 bizi dira euren jabetzakoa den etxebizitza batean eta Secundino Esnaola inguruan, aldiz, %56.
Etxebizitza hutsei dagokienez, ikerketako datuen arabera, 572 daude Grosen; ezin izan dute, ordea, horien kokapena zehaztu eta, beraz, ezta zein egoeran dauden aztertu ere. Hala ere, Del Campok gogorarazi zuen INEren datuen arabera, Espainiako Estatuko etxebizitza hutsen %60 inguru erabiltzeko moduan daudela, eta, beraz, Groseko etxebizitzen eraikitze urteak kontuan izanda, segur aski, auzoan erabiltzeko moduan dauden etxebizitzen ehunekoa ez dela urruti ibiliko.
300 etxebizitza turistiko baino gehiago
Haritik Hirirakoen ikerketak datu adierazgarri bat jartzen du mahai gainean: Donostiako hiru etxebizitza turistikotik bi Grosen, Erdialdean edo Parte Zaharrean daudela (%62); alegia, hiru auzo horietan pilatzen direla hiriko etxebizitza turistiko gehienak. Grosen, zehazki, 328 etxe turistiko daude InsideAirbnb atariko datuen arabera (272 etxebizitza eta 56 logela), eta 791 beste bi auzoetan. Aldiz, Gros da hiruen artean biztanleria galera handiena izan duen auzoa, 2000. urtetik 2022. urtera: 2.903 (%13,84). Hain zuzen ere, etxebizitza turistikoen eta etxebizitza hutsen inguruko lotura egin zuen Saretxeko Jon Basterrak, sindikatuaren borroka ildoetako bat mahaigaineratuz: “Biak batuta, bizitegi erabilerarik ez duten 900 bat etxebizitza ditugu auzoan, eta hor jarri behar dugu fokua”.
Etxebizitza turistikoen arloan, profesionalizazioaren fenomenoa Grosen ere eman dela nabarmendu zuen Del Campok, prezioa etengabe igotzen ari delako eta errentagarritasuna gero eta handiagoa delako; hain justu, auzoko etxebizitza turistikoen %72,1 erabiltzaile profesionalen eskuetan daude, hau da, etxe turistiko asko kudeatzen dituzten erabiltzaileen eskuetan. Horien artean, honakoak aipatu zituen: Feel Free Rentals (43 etxebizitza), Sanse Holidays (14 etxebizitza) Always Easy (14 etxebizitza), Iberorent Apartments (13 etxebizitza), eta Basque Stay (10 etxebizitza). Hala ere, erabiltzaile partikularrak ere ez dira gutxi auzoan, Groseko etxe turistikoen %27,9 baitago euren eskuetan.
Hain zuzen ere, ildo horretatik egin zuen hausnarketa Hondarpe auzo elkarteko Aratz Estombak saioaren amaierako solasaldian: “Asko jarri dugu fokua Azoraren eta halako funts handiengan, eta beharrezkoa da, baina kontuan hartzekoa da, baita ere, Rh negatiboa duten errentatzaileen eragina”. Horri erantzunez, “espekulatzaile handiei” ez ezik, “errentatzaile txikiei” ere “aurre egin” behar zaiela aldarrikatu zuen Basterrak. Horren harira, beste datu adierazgarri bat eman zuen Del Campok: “Ikerketa egiterakoan, lau, bost edo sei etxebizitza turistiko dituzten erabiltzaileak aurkitu ditugu, ‘Josu’ eta halako kudeatzaile izen arruntekin”.
Asteotan osatuko duten txostenean kontuan izango dituzten zenbait ekarpen interesgarri egin zituzten ikus-entzuleek saioaren amaierako solasaldian, eta Basterrak nabarmendu zuen ikerketa hau tresna baliotsua izango dela etorkizunean sindikatuarentzat eta auzoarentzat, orokorrean: “Hainbat ondorio atera ditugu, besteak beste: zonifikazio bat dagoela, eta, beraz, landu beharreko periferia batzuk; 900 bat etxebizitza ez daudela bideratuta bizitzera eta komunitatearen artikulazioa sustatzea ezinbestekoa dela, elkar zaintzeko eta problematikei elkarrekin erantzuteko”. Era berean, Saretxeren borroka ildo nagusiak mahaigaineratu zituen, baita auzotarrak antolatzera animatu ere: “Etxebizitza turistikoen aurkakoa, errentatzaileen aurkakoa eta putre funtsen aurkakoa. Hiruetan, helburua etxebizitzaren merkantilizazioarekin bukatzea da”.