Emakume arkeologoen lana plazaratzeko erakusketa jarri dute Garberan
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak ‘Emakume Arkeologoak Gipuzkoan’ erakusketa antolatu dute Garbera merkataritza gunean. Erakusketa ondare kulturalaren aberastasuna publiko berrietara zabaltzea du helburu ,eta uztailaren 7ra arte egongo da ikusgai.
Atzo egindako aurkezpen ekitaldian, Goizane Alvarez Gipuzkoako Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako foru diputatuak, Nuria Vegas Garberako zuzendariak, Aizpea Goenaga erakusketaren komisarioak eta Eider Conde-Egia Aranzadi Zientzia Elkarteko komunikazio arduradun eta ‘Arkeologoak’ liburuaren idazleak eman zuten erakusketaren berri.
Goenagak azaldu zuenez, erakusketak “emakumeek lurraldeko ikerketa arkeologikoetan duten garrantzia nabarmentzen du, eta emakumeak Arkeologiako sektore estrategikoetan txertatzeko prozesua, integrazio osoa eta lidergoa azaltzen ditu azalpen paneletan”. Gainera, “haiek aurkitutako objektu arkeologikoen aukeraketa zabal bat ere erantsi da, paregabea eta apartekoa izan daitekeena”, adierazi du.
Conde-Egiak azaldu duenez, bi urteko ikerketa lan handiaren emaitza da erakusketa. Ibilbidea 1903an hasi zen, Alfontso XIII .a erregeak Aizpitarteko (Errenteria) haitzuloetako indusketak bisitatu zituenean. Argazki batean, lantaldean dauden emakume batzuk agertzen dira. Hala, Maria Luisa Aranzadi, Pilar Sansinenea, Ana Maria Muñoz, (historiaurreko lehen katedraduna), eta Lola Echaide arkeologoaren ikerketa lanak ere ikusgai daude.