Irailaren 4tik 15era egingo dute aurtengo Boga Boga Festibala
Boga Boga Festibala irailaren 4tik 15era egingo dute aurten, eta agertoki gehiago izango ditu hirian zehar. Gin Musicak eta Dabadabak antolatzen dute jaialdia.
Aurten, Kursaalen XXV. urteurrena dela eta, Kursaaleko terrazek Zinemaldiarekin bat egingo dute espazio berri gisa, eta programazio bizia izango dute irailaren 14an eta 15ean. Hainbat kontzertu izango dira bertan; hala nola The wave pictures ingeles rock taldearen emanaldiaz eta Bonny Doon Detroiteko hirukotearen kontzertuaz gozatu ahalko da agertoki berri horretan. Pipiolas, Nueve Desconocidos, Teo Lucadamo eta Pinpilinpussies Jägermusic egitarauaren eskutik etorriko dira, eta haiekin batera, bertako talde batzuk –Nize, Toc eta Tatta & Denso– Mercadabadilloa alaituko duten DJen saioekin batera, egitaraua osatuz.
Gainera, kontzertu berezia ere izango da jaialdiaren barruan, Tabakalerako Kutxa Fundazioa Klubean, irailaren 5ean. Andrea Buenavista donostiarrak rockaren eta folklore hispanoamerikarraren artean dabilen emanaldia eskainiko du.
Dabadaba aretoko programazioari dagokionez, artista ugari izango dira hainbat saiotan, hala nola Tengger, Mark Duti, Molly, Safety trance, Dalila, Giovazz eta Juan Tatorri, eta Inforockek antolatzen duen Boga Boga Metal Fest jaialdiarekin kolaboratuko da; Hellmuga, Elizabeth eta Eraso taldeak arituko dira jaialdi horretan.
EHUrekin lankidetzan antolatutako udako ikastaroa, bestalde, irailaren 5ean eta 6an egingo da, Miramar Jauregian. Honakoak dira ikastaroan parte hartuko duten aditu batzuen izenak: Angel Gomez (Canela Party jaialdiko zuzendaria), Nando Cruz (Kazetaria eta Macrofestivales liburuaren egilea), Joan Vich (Managerra eta FIB jaialdiaren zuzendari artistiko ohia), Arkaitz Villar (Musika Bulegoko zuzendaria) eta Lorena Jimenez (La Trinchera agentziako zuzendaria). Hainbat gairen inguruan eztabaidatuko dute aditu horiek, hala nola jaialdiak sortzea, horiek kulturan duten inpaktua eta publiko gaztea erakartzeko komunikazio estrategiak.
Hurrengo egunean, larunbata, hilak 7, Gorka Urbizu, Sara Zozaya eta Los Sara Fontan taldeen emanaldiak izango dira Chillida Lekun. Sarrerak esteka honetan eros daitezke.