Musika modernoaren maratoia antolatu du musika eskolak ostiralerako
Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako Musika Modernoaren Maratoiaren 24. edizioa ekainaren 21ean egingo da, ikasturteko azken egunean eta Musikaren Europako Egunean
Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak musikaz beteko du berriro bulebarreko kioskoa ekainaren 21ean, ikasturteko azken egunean eta Musikaren Europako Egunean, Europa osoan “musikaren aniztasuna eta aberastasuna ospatzen den egunean”.
Musika Modernoaren Maratoia lau orduz luzatuko da gutxi gorabehera, eta Eskolako musika modernoko talde nagusien hainbat emanaldi eskainiko ditu. Hona hemen jarduera programa:
• 17:30 Atotxako Big Combo
• 18:00 Jazz comboa
• 18:30 Folk comboa
• 19:00 Emakume Irakasleak
• 19:30 Korrugators
• 20:15 Big Band III
Musikaren Europako Egunak “musika aniztasuna sustatzea eta publiko guztiarentzat musika eskuragarri jartzea” du helburu. Egun hau doako kontzertu eta ekitaldiekin ospatzen da Europa osoan, musikari profesional eta amateurrei agertokia partekatzeko eta beren talentuak zabaltzeko aukera emanez. Donostian, maratoi hau hiritarrak elkartu eta bertako talentua ospatzen duen tradizioa bihurtu da.
Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako Big Band IV: swing eta erritmoa 25 urtez 59. jazzaldian
Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako Big Band IV taldea Jazzaldi jaialdira itzuliko da aurten, uztailaren 26an 17:30ean Frigo agertokian egingo den emanaldiarekin. Bi hamarkada eta erdiko ondarearekin, Eskolak talde honetako 24 kideen talentua eta konpromisoa ospatzen ditu. 1999an sortu zen, Iñaki Salvador piano jotzailearen zuzendaritzapean, Eskolako Musika Modernoko departamentuan, eta orduz geroztik taldeak bere esentziari eutsi dio, Eskolako ikasleak bakarrik integratuz. Mikel Romero Laibarraren eta Ibon Irijoa Cortésen gidaritzapean, bere errepertorioak jazzeko klasikoetatik blues, funky, latin-jazz eta rockean sartu-irtenak hartzen ditu, ikusleentzat esperientzia musikal anitza eta erakargarria bermatuz.