Udalak irailean beteko du Donostia tentsio handiko eremu izendatzeko izapidea
2.500 etxebizitza ingururi soilik eragingo die izendapen horrek.
Donostiako Udalak irailean beteko du hiria tentsio handiko eremu izendatzeko izapidea. Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak atzo udaleko Lurralde Garapen eta Plangintzarako Batzordean adierazi zuenez, aurreikuspenen arabera, izaera hori lortzeko eskatutako dokumentazio guztia irailean emango diote Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari.
Arzallusek arrazoitu zuen lanak bere erritmoan doazela, “ez delako arinkeriaz hartu beharreko espedientea”. Momentuz, Errenteriak bakarrik aurkeztu du dokumentazio guztia, “eta HAPO berrikusteko azterketa guztia amaituta zutelako”. Azaldu zuenez, Eusko Jaurlaritzak martxoan bidali zion Donostiako Udalari “diagnostikoa eta ekintza plana egiteko jarraitu beharreko eredua”, eta hilabete horretan bertan hasi ziren Etxegintza eta Udal Datuen Unitatearen informazioa biltzen. Horrez gain, kanpoko laguntza ere kontratatu zutela azaldu zuen zinegotziak, izapideak azkarrago egin ahal izateko.
Lantalde horiek egin ostean, justifikazio memoria egiteko azken fasera igaroko da udala. Ziengotziaren arabera, “dokumentazio guztia edukitzeko kalkulatutako kronograma lau hilabete ingurukoa da”, eta horrek adierazten du “uztaila amaiera” izango dela Eusko Jaurlaritzak eskatutako espedientea osatzeko.
Azkenik, udalak bidezko txosten juridiko eta teknikoak egingo ditu, eta espedientea Tokiko Gobernu Batzarrak onar dezan bidaliko du, ondoren Eusko Jaurlaritzari irailean helarazteko.
2.500 etxebizitzari soilik eragingo die
Hirigintza zinegotziak gogorarazi zuen Donostian 2.500 etxebizitza ingururi eragingo diela deklarazio horrek, 90.000 etxebizitza horietatik “% 5 baino ez daudelako jabe handien esku, eta erdia administrazioarena delako”.