Elkarrekin Donostiak Cardumen Capital funtsarekin duen lankidetza eten dezala eskatu dio BCCri
Victor Lasak Eneko Goia alkateari eskatu dio BCCk Israelgo estatuko defentsa sektorearekin lotura zuzena duen inbertsio funtsarekiko lankidetza oro eten dezala.
Victor Lasa Elkarrekin Donostiako bozeramaileak Israelgo interes ekonomikoak sustatuko dituen harreman oro eteteko egiteko eskatu dio Udal Gobernuari. Genozidio sionistaren aurrean, onartezintzat du Lasak Basque Culinary Center gisako erakunde publiko-pribatu batek jarduera armatua babesten duen inbertsio funtsekin harremanak izatea. Zehazki Cardumen Capital inbertsio funtsa seinalatu du, Israelgo Defentsa Ministerioarekin harreman zuzena baitu.
Udalean egindako prentsaurrekoan, Lasak azaldu du Cardumen Capital funtsaren bezeroak dituela Isralego estatuko defentsa sektorean, eta lankidetza estua duela Israelgo berrikuntza teknologikoko ekosistemarekin: “Berrikuntza teknologiko asko defentsa sektorearen esperientziatik eta beharretatik sortzen dira”, adierazi du agerraldian. Zehaztu duenez, halaber, Halio Mobiiya eta Sixgill enpresekin harreman zuzena du funtsak eta besteak beste, zibersegurtasuna, adimen artifiziala eta komunikazio aurreratuko sistemak garatzen dituzte. Hala,d efentsarako soilik garatu ez badira ere, sektore horretan erabiliak dira, maiz.
Lasak, halaber, deialdia zabaldu nahi izan die Euskal Herriko erakundek publikoei. Basque Culinary Centerren zuzendaritzaz gain, gainerako instituzioak izan ditu gogoan, genozidioak bere horretan jarraitzen duela gogorarazi, eta Israelgo estatuarekin duten harreman oro eteteko eskatzeko: “Ziurtatu beharko genuke ez direla merkatu harremanak mantentzen Israelgo armagintza sektorean diharduten agenteekin”.