Kopa «inspiratzailea, inklusiboa eta solidarioa» izan dela nabarmendu dute
Autismoa duten pertsonak ekitaldian integratuta sentitu ziren Illunbeko partidetan eta gainerako ekitaldietan.
XLV. Espainiako Eskubaloi Koparen antolaketan parte hartu zuten eragileek agerraldia egin dute gaur, Amara Berriko Kirol Etxean. Illunben jokaturiko txapelketaren balorazio “oso positiboa” egitearekin batera, “inspiratzailea, inklusiboa eta solidarioa” izan zela nabarmendu dute. Goizeko ekitaldian parte hartu dute Donostiako Udaleko, Gipuzkoako Aldundiko, Bera Bera klubeko, Kirol Egokituaren Gipuzkoako Federazioko eta Gautena elkarteko ordezkariek.
Hain zuzen ere, Gautenaren parte hartzeagatik kopa berezia izan zela esan dute. Erakunde horrekin egindako lankidetzari esker, autismoa duten pertsonak integratuta sentitu ziren Illunbeko partidetan eta gainerako ekitaldietan. “Helburu nagusietako bat autismoa duten pertsonak integratzea zen, eta kolektibo horren balorazioa esker onekoa da, kirol ikuskizun honetan integratuta sentitu zirelako”, adierazi du Gautenako zuzendari Amaia Lopetegik.
Gainera, Illunberen kanpoaldean mugatutako “zaratarik gabeko” espazioak gazte asko erakarri zituen Bihotz Urdinarekin “bat egiteko” eta espazioa partekatzeko. Kopako finala hasi baino minutu batzuk lehenago izan zen Verdiniren ikuskizunak amaiera borobila eman zion ekitaldi inklusibo honi, eta integrazioak kolektiboarentzat duen garrantzia azpimarratu zuen.
Koparen aurkezpenean, Tati Garmendia Bera Berako zuzendariak iragarri zuen saldutako abonu bakoitzeko euro bat emango zitzaiola Gautenari. Hala ere, azkenean kopuru hori handitzea erabaki da, eta 4.238 euro ematea, Bera Bera zortzigarren kopa irabazten ikustera joandako pertsonak adina.