Manifestazio bat egingo dute bihar, Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna dela eta
Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna da bihar, eta hamarka elkartek manifestazioa antolatu dute Donostian. 19:00etan abiatuko da Aquariumetik, Izan gaitezen babes lelopean, eta instituzioez gain, gizarteari ere etorkinei harrera egitearen aldeko mezua helarazi nahi diote.
Gaur, deialdi hori iragartzeko prentsaurrekoa eskaini dute Donostian, eta Kolore Guztiak elkarteko Jorge Correak eta Zehar Errefuxiatuekin elkarteko Irati Barreñak hartu dute hitza. Lehenik eta behin, salatu dute maiatzean onartu zela azkenean Europar Batasunaren Migrazio eta Asiloari buruzko ituna, “leku seguru batera iritsi nahi duten pertsonen giza eskubideak urratzen dituen eta haien bizitzei prezioa jartzen dien ituna”. “EBko migrazio eta Asiloari buruzko itunak itxaronaldiak, salbuespen espazioak, eta oinarrizko eskubideak arriskuan jartzen dituzten atxilotze denborak zabaltzen dituzten prozedurak ezartzen ditu”, salatu dute.
Prentsaurrekoan irakurri duten manifestuaren sinatzaileek uste dute giza eskubideen defentsak eta kalteberatasun egoeran dauden pertsona guztientzako sistema solidarioago baten sustapenak “erdigunean” egon beharko luketela, eta ez eskuin muturretik nagusiki sustatzen diren gorroto diskurtsoek.
Mediterraneoan hildako migranteak
2023an, 3.155 pertsona hil edo desagertu ziren Mediterraneoko uretan. Aurten, maiatzaren 31era arte bildutako datuen arabera, 923 pertsona hil dira Europarako bidean, Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen Missing Migrants proiektuaren arabera. Guztira, azken hamar urteetan (2014-2024ko maiatza) 29.827 pertsona hil edo desagertu dira Mediterraneoko uretan.
Zehaztu dutenez, 2024an, gutxitu egin dira Erdialdeko Mediterraneoan zeharreko iritsierak, eta gora egin dute Ekialdeko Mediterraneoan eta Mendebaldeko Afrikan zeharreko ibilbideak (Mauritania, Senegal eta Gambia), Frontex agentziaren arabera. “Kanarietako ibilbideak, Ozeano Atlantikoan barrena, munduko migrazio eskualde hilgarriena izaten jarraitzen du”, azaldu dute.
6.153 asilo eskatzaile EAEn, iaz
Lehengo urtean, 6.153 pertsonak eskatu zuten asiloa EAEn, eta 163.220 pertsonak Espainiako Estatuan. Aurten, apirilaren 30era arte, 2.693 eskaera erregistratu dituzte EAEn, eta 56.792 estatuan. “Joera horrek aurrera jarraituz gero, iazko zifrak gaindituko lituzke”, adierazi dute. Bestalde, nabarmendu dutenez, Espainia da EBn eskaera gehien dituzten herrialdeen zerrendako burua (hirugarrena), baina onartzen diren eskaerak “oso gutxi” direla salatu dute.
Beraien etxeetatik eta herrialdeetatik alde egiten duten pertsonek pairatzen duten indarkeriak ez duela etenik nabarmendu dute: “Aitzitik, jazarpen hori aldatu egiten da helmugara iristean. Arrazakeria eta diskriminazio bihurtzen da, eta haien eguneroko errealitatea ere bai. Funtsezkoa da herritarrak sentsibilizatzea eta heztea horiek desagerrarazteko, eta gizarte askotarikoak, inklusiboak eta bidezkoak eraikitzeko”.
Errefuxiatuak euskal gizartearen parte onartzea
Manifestuaren sinatzaileek errefuxiatuak euskal gizartearen parte gisa onartzea eskatu dute, Euskal Herrian bizi garenok haien historia eta kultura ezagutu ditzagun. Kulturarteko “benetako bizikidetza” sustatzeko, honako aldarrikapenak egin dituzte, besteak beste: Bermatzea migratzaileak eta errefuxiatuak Espainiako Estatura eta EAEra iritsi ahal izango direla, bizitza arriskuan jarri gabe; pertsona guztiek asilo eskubidea izango dutela bermatzea eta kasuan “banan-banan” aztertzea; itsas salbamendu humanitarioa eskaintzen duten erakundeen kriminalizazioa eta jazarpena desagerraraztea sustatzea; erroldatzea bermatzea, gizarte zerbitzuen bidez; ezohiko erregularizazio bideak gaitzea; armen merkataritza gelditzea; eta Iparraldeko mugan profil etnikoaren arabera egiten diren kontrolak etetea.