Guau txakurren parkea ez dute lekualdatuko
Bizilagunen kexak izan badira ere, Donostiako Udalak bere horretan mantenduko du Amara Berrin dagoen txakurrentzako eremua.
Guau parkea ez da bere lekutik mugituko. Hala jakinarazi zuen Juantxo Marrero Hiri Proiektu eta Ekologiako zinegotziak atzo, osoko bilkurako batzordeetan. 2017an instalatu zuten txakurrentzako gunea Amara Berrin, Arcco merkaratitza gunearen inguruan. Urteotan, baina, eragozpenak sortu ditu inguruko bizilagunengan eta kexa mordoa izan dira. Nolanahi ere, Donostiako Udalak baztertu egin du beste leku batera eramatea, kaltetuek planteatzen duten alternatiba baztertuta.
Marrerok azaldu zuenez, udal gobernuarentzat ezagunak dira inguruko bizilagunen kexak, batik bat, irekitzeko eta ixteko ordutegiak ez errespetatzeari dagozkionak. Horren aurrean, arazoari erantzuten eta “konpontzen saiatzen” ari dela baieztatu zuen, araudia errespetatzeko konpromisoa hartuta.
Nolanahi ere, baztertu egin zuen, Amara berriko bizilagun batzuk baieztatzen duten moduan, inguruko hamar zuhaitz baino gehiagoen mozketa txakurren pixaren ondorio izatea. Bizilagunen aburuz, zuhaitz horiek gaixotasunak harrapatu dituzte txakurren mikzioen eraginez. Zinegotziaren arabera, ordea baieztapen hori ez da erreala: “Ingurumen teknikariek esan didate ez dela erreala pixek zuhaitzei eragitea, parketik kanpo baitzeuden”.