Disuasio aparkaleku bat gehiago izango du Donostiak udan
Udan mugikortasuna kudeatzeko plana aurkeztu du Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziak; disuasio aparkalekuetan, garraio publikoan eta zirkulazioaren erregulazioan jarri du fokua.
Mugikortasuna da Donostiako buruhauste nagusienetako bat, bereziki udan. Hori dela eta, azken urteotako auto pilaketak eta bestelako arazoak arintzen saiatzeko, udalak udara begirako plan bat garatu du.
Hain zuzen ere, Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziak azaldu duenez, “informazio kanalak hobetzea, trafikoa modu eraginkorragoan eta baliabide gehiagorekin arautzea, disuasio aparkaleku berriak sustatzea edo garraio publikoko sistemak hobetzea izan dira udalak datozen hilabeteetan hiriaren mugikortasuna antolatzeko landu dituen ildoak”. “Donostia hiri erakargarria da arrazoi askorengatik, eta guretzat pozgarria da bisitariak gure hirira etortzea gure kulturaz, aisialdiaz edo merkataritzaz gozatzeko, baina mezu bat helarazi nahi dugu: garraiobide eraginkor eta jasangarri asko ditugu hirigunera iristeko”, gaineratu du.
Honakoak dira udalaren gomendioak, mugikortasunari dagokionez, udara begira: garraio publikoari edo mugikortasun aktiboari lehentasuna ematea, ibilbideak planifikatzea Donostiara etorri aurretik, trafikoaren egoera kontsultatzea bidaia hasi aurretik eta disuasio aparkalekuak erabiltzea.
Aparkaleku bat gehiago
Disuasio aparkalekuei garrantzia eman die azken urteotan udalak, eta aurten ere hala egin du, aparkaleku bat gehiago gehitu baitu sarera: “Disuasio aparkaleku berri bat izango du unibertsitateen eremuan, EHUrekin sinatutako akordioari esker. EHUk Berio pasealekuan (autokarabanen aparkalekuaren ondoan) dagoen aparkalekuaren erabilera lagako du, uztailaren 8tik abuztuaren 25era”. 200 plaza inguru ditu guneak, eta garraio publikoaren bidez dago lotuta Erdialdearekin. Bestalde, Igarako aparkalekua ere disuasio aparkaleku gisa gaitu dute, 220 plazarekin. Beriokoa eta Igarakoa doakoak izango dira, baina gehienez 24 orduz ahalko da bertan aparkatu; hori dela eta, sartzerakoan, txartela atera beharko da.
Horrez gain, azken urteotan egin duten moduan, 300 plazako Illunbeko doako aparkalekua eta hiriaren erdigunea lotzeko Dbusen zerbitzu berezia jarriko dute uztailaren 13tik irailaren 1era. Horrela, guztira, disuasio aparkalekuetan 700 plaza ditu Donostiak, eta gune horietarako sarbideak hiriko sarreretatik egongo dira seinaleztatuta.
Halaber, udalak gogorarazi du Donostiak doako beste aparkaleku eremu periferiko batzuk dituela, garraio publikoarekin erdigunearekin lotuta daudenak: “Esate baterako, Miramongo Parke Teknologikoak dituen doako 1.700 plaza baino gehiago edo Zuatzu Enpresa Parkea (650 plaza). Aldiz, iparraldetik datozenentzat, Irungo Ficoba azokako doako aparkalekua erabiltzeko gomendioa zabaldu du udalak: “900 plaza ditu, 8:00etatik 22:00etara dago irekita, eta Donostiarekin Euskotrenen bidez dago konektatuta, 30 minutuero”.
Bestalde, lurpeko aparkalekuen zerbitzua hobetzeko asmoz, udalak akordio erdietsi du Erdialdeko aparkalekuen enpresa emakidadunekin (Cervantes plaza, Bulebarra eta Okendo kalea), horien erabilera eraginkorragoa sustatzeko; datozen asteotan aurkeztuko dituzte akordioaren inguruko xehetasunak.
Unean uneko informazioa
Yarzak azaldu duenez, trafikoaren egoerari eta ibilgailu pribatuak Erdialdera sartzeko dauden aukerei buruzko informazio sistema hobetze aldera, hainbat neurri hartuko ditu udalak: “Alde batetik, Google Mapsen ibilbideen planifikatzaileen eta Waze nabigazio aplikazioaren bidez, Mugikortasun Zuzendaritzak denbora errealean emango du hiriko trafikoaren egoeraren berri, auto pilaketa handieneko eremuetan sartu aurretik erabaki egokiak hartu ahal izateko”.
Informazio hori kolore eskala baten bidez emango dute: “Eskala horretan, trafikoa arina, ertaina edo handia den adieraziko da, eta Donostia Transport aplikazioan ere kontsultatu ahal izango da. Aplikazio horretan, abisuak aktibatuko dira intentsitate handiko kasuetan, eta gertuen dauden disuasio aparkalekura bideratuko dira ibilgailuak”, azaldu du zinegotziak. Era berean, termometro digitalen pantailak ere erabiliko dituzte gertuen dauden disuasio aparkalekuen kokapena adierazteko. Informazio hori indartzeko, 30 seinale bertikal espezifiko inguru erabiliko dituzte. Halaber, horren guztiaren inguruko zenbait komunikazio kanpaina abiatu ditu udalak.
Zirkulazioaren erregulazioa
Erdialdera ibilgailu gehien iristen diren uneetarako, zirkulazioa erregulatzea xede duen protokolo bat prestatu du udalak, iazkoarekin alderatuta, desberdintasun batzuk dituena, “garraio publikoaren arintasuna bermatzeko”: “Hala nola, Ategorrietako erregulazio puntua Kontadores eremura eramatea, eta errepideen egoera orokorraren inguruko denbora errealeko informazioa indartzea”. Hiriko hainbat tokitan banatutako kameren bidez eta operatiboaren koordinatzailearen kaleko informazioaren bidez erabakiko dute noiz aplikatu protokoloa.
Protokoloa aktibatu ondoren, hainbat erregulazio puntu ezarriko dituzte, “zirkulazioa beste bide batzuetara edo hiriko aparkaleku periferikoetara bideratzeko, Erdialdera modu justifikatuan sartu behar duten ibilgailuen kasuan izan ezik”. Protokoloa kudeatzeko, informazio kanpainetarako baliabide gehiago jarriko ditu udalak, eta Mugikortasuneko 24 agente gehiago izango ditu udan.
Garraio publikoa
Azken hilabeteotan Dbusen zerbitzuetan murrizketa ugari egin dituzte, baina udan, aldiz, Dbusek bere zerbitzua indartu eta bere ordutegiak zabalduko ditu, ekainaren 23tik abuztuaren 31ra, “hirian joan-etorriak modu jasangarrian egitea errazteko”. Hain zuzen ere, udan zehar “zerbitzu gehigarriak” egongo dira auzoetara, azken irteeretan ordutegia luzatuko da, gautxori zerbitzu gehiago egongo dira asteburuetan eta jaiegun bezperetan eta zerbitzu bereziak eta maiztasun handiagoak ezarriko dira ekitaldi berezietarako. Dbusen tarifak hemen kontsultatu ditzakezue.
Autobus zerbitzuez gain, Donostiak Dbizi bizikleta publikoko zerbitzua duela gogorarazi du Yarzak, “gero eta erabiltzaile gehiago” dituena. Bestalde, bizikleta partikularrak aparkatzeko 216 plaza gehiago jarriko ditu udalak udan, Kontxa, Zurriola eta Ondarreta hondartzen ondoan eta Anoetako Paco Yoldi kiroldegiaren ondoan, “urte osoan zehar dauden 8.300 plaza inguru indartzeko”. Dbiziren tarifak hemen kontsultatu ditzakezue.
Oinezkoei dagokienez, udalak Metrominuto mapa dauka, hiriko hainbat punturen arteko oinezkoen ibilbidearen distantzia eta denbora erakusten dituena, eta hainbat ibilbide osasungarri proposatzen dituena. Plano horretan, besteak beste, aparkaleku periferikoak non dauden zehazten da.
Autokarabanak
Azken urteotan, autokarabanak gero eta gehiago erabiltzen dira eta eztabaida sortu dute Donostian behin baino gehiagotan; horregatik, Yarzak esan duenez, “azken urteotan, autokarabanen aparkalekua arautu da eta ibilgailu horiek aparkatzeko gune berriak prestatu dira”. Aurten, autokarabanentzako doako bi aparkaleku izango ditu Donostiak: “Bi aparkaleku eremu berri egokitu ditu Illunbeko aparkalekuan, 45 plaza ingururekin eta ibilgailu horientzako beharrezko zerbitzuekin. Aparkaleku horrek 72 orduko egonaldia izango du gehienez, eta Erdialdearekin konektatuta egongo da 20 minutuero, Dbusen anezka zerbitzuaren bidez”.
Horrez gain, udalaren arabera, “gomendagarriena” Igeldoko edo Igarako kanpinetara joatea da autokarabanentzat, baina Berioko autokarabanen aparkalekua ere badauka Donostiak: 7,60 euroko tarifa du goi denboraldian eta 72 ordukoa da gehieneko egonaldia.