Errobiren kontzerturako sarrera batzuk jarriko dituzte salgai bihar
Anje Duhaldek eta Mixel Ducauk sortutako Errobi taldeak jasoko du bihar aurtengo Adarra Saria. 50 urte beteko ditu aurten talde lapurtarrak, eta Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak erabaki du beraiei ematea hamaikagarren Adarra Saria. Viktoria Eugenia antzokian izango da ekitaldia, eta horren ondoren, kontzertua emango dute, 19:30ean.
Donostiako Udalak jakinarazi duenez, sarrera gutxi batzuk jarriko dituzte salgai beraien ohiko kanaletan bihar, hilak 21, 11:30etik aurrera. Euren disko guztietako piezak jasoko dituztela aurreratu dute Duhaldek eta Ducauk. Txomin Duhalde (bateria), Remi Gachis (gitarra) eta Iñigo Telletxea (baxua) musikariak izango dituzte alboan.