Fermin Muguruzak kontzertua eskainiko du Anoetan, 2025ko ekainean
Datorren urteko ekainaren 14an izango da emanaldia, eta sarrerak igande honetan jarriko dituzte salgai, 09:00etan.
Mundu mailako bira iragarri du Fermin Muguruzak datorren urterako, eta Donostian eskainiko du Euskal Herriko kontzertu bakarra. 2025eko ekainaren 14an izango da, Anoetan, eta igande honetan jarriko dituzte sarrerak salgai, 09:00etan. Sarrerak hemen erosi ahal izango dira.
Nazioarteko birarik egin gabe hamaika urte pasa ondoren, Fermin Muguruzak nazioarteko bira bat iragarri berri du 2025erako. Bere lehen taldea izan zen Kortaturen sorreratik hasi eta 40 urteko ibilbide musikala ospatuko du biraren bidez.
Bira hau Europa, Amerika eta Asiako hiri desberdinetara iritsiko da. Penintsulan, lau geldialdi egingo ditu: Bartzelonan (Palau Sant Jordi, urtarrila 24), Madrilen (Wizink Center, otsailak 15), Santiago de Compostelan (Fontes do Sar, martxoak 15) eta Donostian (Anoeta, ekainak 14).
Kultura disidentearen kontrako zentsura
40. urteurren hau “momentu berezi batean” iritsi dela azaldu dute antolatzaileek, eskuin mediatiko eta judizialak Muguruzaren aurkako erasoa egin baitu berriro. Horren aurrean, musikari eta zine ekoizleak sare sozialetan ohartarazi zuen kultura gehiagorekin erantzungo zuela, bere ibilbidea eta ondarea aldarrikatuz.
Muguruzak ekitaldi hauek kontzertu soil batzuk baino gehiago izango direla adierazi du, musika adierazpenerako eta aldaketa sozialerako tresna bezala erabiltzeko balioko baitute.
Hamar musikariz osaturiko bandarekin ariko da zuzenean, eta zeintzuk diren iragarri du. Tartean dira, donostiar batzuk: Fermin Muguruza (ahotsa), Lide Hernando (gitarra eta ahotsak), Miryam Matah (ahotsak), Victor Navarrete (baxua), Gerard Chalart 58 (perkusioa eta dub), Xabi Solano (soinu txikia), Jon Elizalde (tronboia), Aritz Lonbide (tronpeta), Igor Ruiz Fino (saxoa) eta Gloria Maurel (bateria).
Bira hau aurkezteko helburuarekin, Muguruza lagun handiez inguratu da bideo batean, besteak beste, Itziar Ituño, Maria Cruickshank, Aitziber Garmendia edota Jon Plazaola bezalako Euskal aktoreez, eta baita Hofe bezalako musikari eta sektoreko beste hainbat artistez ere: