Tabakalerak 'Topalekuak' inauguratu du, arte garaikidea eta Txillidaren obraren arteko «elkarrizketa»
Erakusketak, bihartik urriaren 6ra, tokiko eta nazioarteko zazpi artistaren sorkuntzak aurkeztuko ditu Eduardo Chillidaren pieza batzuekin batera.
Tabakalerak Topalekuak inauguratu du, Eduardo Txillida jaio zeneko mendeurrenaren ospakizunen testuinguruan sortutako erakusketa, euskal artistaren obra eta praktika artistiko garaikideak elkarrizketan jartzen dituena. “Zentroak sorkuntza garaikidearekin hartua duen konpromisoaren ildotik, erakusketa honen asmoa da artista donostiarraren obraren funtsezko gaien inguruan ikuspegi berriak esploratzea, egungo praktika artistikotik abiatuta”.
Horrela, Soledad Gutierrez komisarioaren eta ikertzailearen gidaritzapean, Tabakalerak diziplina askotariko artistak, tokikoak eta nazioartekoak, gonbidatu ditu Eduardo Txillidaren (Donostia, 1924-2002) obra artistikoan murgiltzera, haren lanarekin elkarrizketan ari diren piezak sortzeko. Artista hauen lanak daude ikusgai erakusketan: Elena Aitzkoa, Josu Bilbao, Laia Estruch, Sheroanawe Hakihiiwe, Juf (Bea Ortega Botas eta Leto Ybarra), Christian Salablanca Díaz, Marianna Simnett eta Eduardo Chillida berarenak ere bai.
Topalekuak izenak, alde batetik, gogora dakar Eduardo Txillidak 1964 eta 1974 artean egindako Lugar de encuentros seriea; hormigoizko eraikidura eseki handiek osatua, non latsarri zaharren arkitekturatik abiatuta, uraren zirkulaziori buruz jardun zuen hausnarketan Txillidak.
Eta hauekin batera Chillidak igeltsuz egindako bi pieza txiki daude ikusgai, ‘Lugar de encuentros’ seriekoen homonimoak, eta erakusketa-aretoan bisitariei ongietorria egingo dietenak. Erakusketak “espazio bat eratzea du helburu, hausnarketarako gune bat intuizioari buruz, bilaketa lanerako elementu gisa, eta lekuarekiko loturari eta beste ezagutza modu sentikor eta sentsorialago batzuei buruz, lan-metodologia gisa. Espazio honetan sortzen den elkarrizketak hainbat proposamen artistikotan du haria ―horietako lau ekoizpen berriak erakusketarako propio eginak― eta gogoeta zabalagoetara hedatzen dira materialtasunaren inguruan, lan-prozesuen inguruan, eta bizi garen testuinguruekin erlazionatzen garen moduaren inguruan”.