Zubietako erraustegia kudeatzen duen enpresari zigorra jartzeko eskatu du Nafarroako Gobernuak
Artaxoako Ecofert enpresara baimendu gabeko hondakinak eramateagatik, Zubietako Ekondakin enpresari zigor espedientea abian jartzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari. Horrela jaso du Argia hedabideak. Gainera, Jose Maria Aierdi Nafarroako Ingurumen kontseilariak jakinarazi duenez, Artaxoako plantari hondakinak jasotzea debekatzen dion ebazpena kaleratu du bere departamentuak.
Hondakinak tratatzeko Artaxoako plantara, milaka tona lixibatu eraman zituzten 2022 eta 2023 artean Zubietako erraustegitik modu ilegalean, identifikazio kodea aldatu eta “lohiak” balira bezala jasotzeko.
Eskandalua duela hilabete batzuk lehertu zen, eta auzitegietako bide penala ere hartu du, Donostiako epaitegi bat kasua ikertzen ari baita; Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatua ere ikertua izaten ari da auzi horretan, fiskaltzak eskatuta. Zubietako zaborrak Ekondakin enpresak kudeatzen ditu, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak azpikontratatuta, eta Asensio da sozietate publikoaren presidente.
Orain, Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailari eskatu dio zigor espedientea ireki diezaiola Ekondakini, Artaxoara eramandako hondakin horiengatik. Hala jakinarazi du Jose Maria Aierdi ingurumen kontseilariak, Nafarroako Parlamentuko Landa Garapen eta Ingurumen batzordean egindako agerraldian.
Nolanahi ere, Aierdik (Geroa Bai) azaldu du isun eskaera enpresa “pribatu” bati dela, eta “ohiko praktika” bat dela arau hauste bat egin badu, enpresa hori dagoen erkidegoko ingurumen agintaritzari “jakinaraztea”.
Zubietako erraustegiak lixibatuak ekoizteko baimenik ez izan arren, gutxienez urte eta erdiz garraiatu zituen Ekondakinek ekotoxizitatea sorrarazi dezaketen halako gaiak Artaxoara –”ezohiko gertaerek” sorturikoak zirela argudiatuta–. Baina Eusko Jaurlaritzak ez zuen hori kontrolatu, ezta materialaren karakterizazioaren informaziorik jaso ere, “bi erakunde pribaturen arteko harremana” zelako, Arantxa Tapiak Eusko Legebiltzarrean EH Bilduren galdera baten erantzunean aitortu zuenez.