Benito Diaz, Euskal Herriko lehenengo entrenatzaile handia
Benito Diazena da Realaren historian leku berezia duen izenetako bat. Jokalari gisa defendatu zuen lehenik elastiko txuri-urdina eta entrenatzaile gisa ondoren, eta futbola modernizatu zuenetako bat izan zen.
Benito Diaz entrenatzailea, Atotxako futbol zelaian, 1948an.Vicente Martin/Kutxateka Futbol profesionala Espainiako Estatuan garatzen ari zenean, XX. mendearen hasieran, donostiar bat izan zen, Realetik, egungo kirol nagusia modernizatzen hasi zena: Benito Diaz Iraola (Donostia, 1898-1990).
Umetan artearen munduan ibili bazen ere —gurasoek Arte Ederren eskolan eta Donostiako Orfeoian sartu zuten—, oso gaztetatik erakutsi zuen bere bidea ez zela artea izango, futbola baizik. Gure Artean, Union Sportivan eta Fortunan jokatu zuen, 17 urte zituenean, Realak fitxatu zuen arte. 1927ra arte defendatu zuen elastiko txuri-urdina jokalari gisa, eta, azken denboraldian, entrenatzaile eta jokalari lanak uztartu zituen.
Lippo Hertzka entrenatzaileak kluba utzi zuenean hartu zuen Diazek gidaritza, Panenka aldizkariak bere 136. alean argitaratutako erreportaje batean azaldu zuenez, Hertzkak berak klubari gomendatuta: «Ez da beharrezkoa entrenatzaile bat oso urruti bilatzea. Etxean daukazue eta Benito Diaz du izena», esan zion Athleticera joatekoa zen entrenatzaileak Realeko zuzendaritzari. Izan ere, Hertzkaren aginduetara, Europako erdialdetik hainbat bira egin zituen Realak, eta Diazek interes berezia agertu zuen kontinentean lantzen ari ziren taktika berriak ikasteko garaian.
Horrela, gaztea eta esperientzia gutxiduna izanda ere, talde txuri-urdinaren gidaritza hartu zuen Diazek, eta Espainiako historiako lehenengo ligako (1928-1929ko denboraldikoa) talde goleatzaileena izatea lortu zuen, baita Reala 1928ko kopako finalera eramatea ere. Bartzelonaren aurka jokatu zuten txuri-urdinek final hori, eta hiru aldiz jokatu behar izan zuten partida, lehenengo bien emaitza berdinketa izan baitzen; azkenean, garaikurra Kataluniara joan zen. 1928ko udan bertan, Espainiako Futbol Federazioak Diaz fitxatu zuen, Espainiako selekzioko entrenatzaile Jose Angel Berraondoren laguntzaile izateko.
Erbestea
1930ean, Diazek futbola uztea erabaki zuen, eta haren familiaren garraio enpresan lan egiten hasi zen. Aldiz, 1936ko gerra hasi zenean, errepublikaren aldekoa zenez, muga zeharkatu eta Hendaiara erbesteratu zen, eta mugaren beste aldetik berrartu zuen futbolarekin harremana.
Izan ere, orduan hirugarren mailan zegoen Bordeleko Girondins taldeak fitxatu zuen entrenatzaile gisa. Teoria batek dioenez, erbesteratzean, kirol kazetari batek ezagutu zuen, eta horrela itzuli zen entrenatzaile lanetara. Beste batek, aldiz, dio Diaz bera izan zela Ipar Euskal Herriko egunkarietan bere burua entrenatzaile lanetan aritzeko hautagai gisa aurkezten zuten iragarkiak jarri zituena.
Lippo Hertzka entrenatzaileak Reala utzi zuenean hartu zuen Diazek gidaritza, Hertzkak berak klubari gomendatuta
1941ean, donostiarrak txapelketa erregionala irabazi zuen Girondinsekin, eta Frantziako Estatuko prentsak ezizena jarri zion: Euskal aztia. 1942an, aldiz, Donostiara itzultzea erabaki zuen, futbola ikusteko modu berriekin, defentsiboagoak zirenak, orduan Espainiako Ligan ikusten zen joko estiloarekin talka egiten zutenak. Hala ere, Diazen estiloa funtzionatzen hasi zen 1940ko hamarkadako Realean; Eduardo Txillida eskultorearen aita Pedro zen orduko presidentea, eta Eduardo bera ere Diazen aginduetara aritu zen atezain gisa.
Bigarren urrezko aroa
Diazek lortu zuen klub txuri-urdina lehenengo mailara igotzea, eta baita 1951ko kopako finalera eramatea ere, baina 1928an gertatu zen moduan, Bartzelonak talde donostiarra gainditu zuen finalean. Entrenatzaile maitatua zen Diaz Donostian, eta, horregatik, Osaba Benito ezizena jarri zioten.
Modako entrenatzailea zen orduan Diaz, eta, horregatik, Espainiako selekziora itzuli zen 1948an, Guillermo Eizaguirrerekin batera. Hain zuzen ere, 1950eko Brasilgo Munduko Txapelketa historikoan Espainiako selekzioa gidatu zuen Diazek, non selekzio hori laugarren onena izan zen; 2010ean Hegoafrikako Munduko Txapelketa irabazi zuen arte, bere historiako emaitzarik onena zen.
Ordea, federazioak gehiago nahi zuen, eta hainbat liskar tarteko, selekzioaren atzeko atetik atera zen Diaz. Realera itzuli zen, eta entrenatzaile gisa egindako azken urratsak Atletico Madrilen egin zituen, 1960an bankuak utzi eta entrenatzaile eskolan irakasle sartu zen arte; han aritu zen erretiroa hartu zuen arte. Zahartzaroa Donostiatik paseatzen eta Gaztelubiden lagun artean orduak pasatzen igaro zuen, 1990ean zendu zen arte.

