Bi eguneko egitaraua, garai bateko jaiak berreskuratzeko
Intxaurrondon prest dute guztia sanjoanei ongietorria emateko. Plazara Goaz elkarteak antolaketa delegatu, eta auzotarren artean prestatu dute egitaraua, jaiak pixka bat gehiago indartuz.
San Joan suaren inguruan dantzan, iaz, Intxaurrondon. Sara Ibarguren Azken urteotan, egun bakar batean ospatu izan dituzte Intxaurrondoko sanjoanak, ekainaren 23an, zehazki. Garai batean, bi edo hiru eguneko jaiak izaten ziren, eta aurten, berritasun gisa, bi eguneko egitaraua prestatu dute berriro ere. Auzotarren artean prestatu dituzte jaiak, eta Leire Gallastegi bizilagunak azaldu duenez, «oso egitarau plurala da». Haurrentzako jolasak, buruhandiak, trikitilariak eta auzoan arrakasta izaten duen sardina jana egingo dituzte, besteak beste.
Egitarauan, ohikoa izaten da auzotarren abesbatzaren emanaldia ere, baina aurten aldaketa bat egitea erabaki dute: «Auzoan badago otxote talde bat, Intxaurtze Kantariak izena duena, eta aurten, abesbatza egon ordez, otxote hau egongo da». Gallastegik azaldu duenez, musika arloan, Estangatarrak trikitilarien emanaldia mantenduko dute, urteroko zitari leku eginez.
Azken urteotan ohikoa izan da auzotarren abesbatza sanjoanetan, baina aurten, Intxaurrondoko otxotea ariko da kantuan
Ekainaren 23ko egitaraua, egun bakarrekoa izateko, «nahiko beteta» dagoela ziurtatu du Gallastegik, baina garai bateko jai haiek berreskuratzeko ahaleginean, kontzertu bat antolatu dute. «Bernart Etxepare plazan izan ordez, Gabriel Zelaia plazan izango da, eta Dead Flowers taldeaz gozatu ahal izango dugu bertan», zehaztu du. Ekitaldi horretan, gainera, janaria eta edaria erosteko barra bat jarriko dute.
Jaiak San Joan suarekin amaituko dira, eta auzotarrak azaldu duenez, sua eta suaren inguruan egiten duten dantza izaten dira jaietako ekitaldirik garrantzitsuenak: «Azken hilabeteotan, Plazara Goaz elkartea dantza ikastaroa ematen aritu da, eta jende dezente joaten da ikastaro horretara. Aurten, gainera, ikasturte osoan zehar izan da dantza ikastaroa elkartearen lokalean, eta ikusten dugu kontu horrekin auzoko jendea animatzen dela parte hartzera».
Laguntza handiagoaren beharra
Antolaketari begira, Gallastegik aipatu du ez dutela «laguntza gehiegi» jaso, saiatu diren arren. «Aprobetxatuko nuke deialdi bat egiteko eta hurrengo urteari begira, jendea animatzeko antolakuntzan parte hartzera», nabarmendu du. Izan ere, orain arte, Plazara Goazek antolatu izan ditu sanjoanak, baina erreleboa eskatu zuten, elkarteak beste gauza batzuk ere antolatzen dituelako. Errelebo hori 50 urte inguru dituen jendeak hartu duela adierazi du, eta ongi legokeela jende gehiago ere prest egotea.


