«Kirol hau oso 'heavy'-a da»
Gero eta ezagunagoa egiten ari den OCR kirolaren munduan buru-belarri dabil Aratz Lakuntza (Amara, 1999). OCR lasterketetan, kirolariak orotariko oztopoak gainditu behar izaten ditu korrika egiten duen bitartean. Duela zazpi hilabete baino ez zen OCR lasterketetan parte hartzen hasi, eta jada lortu du Costa Rican abuztuan egingo den munduko txapelketarako txartela.
Zerk bultzatu zintuen kirol hau praktikatzen hastera?
Beti lehiatu izan dut kirol askotan. Conquis zalea izan naiz beti, eta oztopo lasterketak horrekin lotzen nituen. Behin, lagun batekin hizketan, esan nuen, «goazen probatzera!». Nahiko trebea ikusten nuen neure burua kirolerako. Nire lehenengo korrikaldian Spartan [oztopo lasterketetan lasterketa mota ezagunenetarikoa] batean parte hartu nuen, konturatu nintzen nahiko ona nintzela, eta orduan hasi nintzen gimnasio bat bilatzen eta entrenatzen. Harrezkero, zazpi hilabete igaro dira.
Nolakoak dira lasterketak? Zein oztopo mota aurki ditzakezue?
Karrera bakoitza desberdina da, eta bakoitzak bere xarma dauka. Asko jokatzen da, esaterako, karreren izenekin: Kong izeneko lasterketan, oztopoak tximinoen eta bananen ingurukoak izaten dira. Oztopoak, orokorrean, hiru multzotan sailkatzen dira: indar oztopoak, zintzilikatze oztopoak eta oreka oztopoak. Lasterketa batean 30 oztopo baldin badaude, gutxi gorabehera, multzo bakoitzeko hamar oztopo egoten dira.
Distantziaren arabera, Sprint (3 km), Standar (10-14 km) eta Ultra (20-40 km) karrerak dauzkazu. Hiru kilometroko karrera batean 30 oztopo inguru aurki ditzakezu, baina hamalaukoan 60 oztopo ere egon daitezke.
Helburua, hortaz, helmugara ahalik eta denbora gutxienean iristean datza.
Bai, eta horregatik kontuz ibili behar da penalizazioekin. Elite mailan, lasterketa hasieran hiru eskumuturreko jartzen dizkigute kirolarioi. Oztopoetan epaileak egoten dira, eta oztopoekin egiten dugun hutsegite bakoitzeko, eskumuturreko bat mozten digute. Azken finean, hiru bizitza dira. Eskumuturrekorik gabe geratuz gero, deskalifikatuta zaude. Helmugara bi eskumuturrekorekin iristen bazara, penalizazio bat egin beharko duzu, eta eskumuturreko batekin iritsiz gero, bi. Penalizazio bat, bost minutuko zirkuitu bat izan daiteke, esaterako. Horrela, hutsegiterik egin ez duen pertsona saritzen da.
Fisikoki oso gogorrak dira lasterketak. Nola prestatzen dira?
Kirol hau oso heavy-a da. Korrika egiteaz gain, indar entrenamenduak eta zintzilikatze entrenamenduak ere egin behar dituzu. Azkenean, korrika egiten oso ona izateak ez du baliorik indarrik ez badaukazu edo zintzilikatzen ondo moldatzen ez bazara, eta alderantziz.
«Hiru kilometroko karreran 30 oztopo aurki ditzakezu, eta hamalaukoan 60 egon daitezke»
Oraintxe bertan, hamaika entrenamendu inguru egiten ditut astean: bospasei korrika entrenamendu, hiru indar entrenamendu eta hiru zintzilikatze entrenamendu. Betiere, entrenamenduak bakoitzak kirolari ematen dion garrantziaren araberakoak dira, baina elite mailan egoteko denbora asko pasatu behar da entrenatzen.
OCR entrenatzeko, Gipuzkoan, Denontzat gimnasioak dauzkagu soilik, bat Hernanin eta bestea Irunen. Gimnasio oso familiarra da, jende euskalduna eta giro oso ona dago. Hasieratik, ondo hartu ninduten klaseetan. Eskerrak eman behar dizkiet, kirola egiteko disfrutatu egin behar delako eta beraiekin erosoa egiten delako entrenamendua.
Costa Rican abuztuan egingo den munduko txapelketara sailkatu zara. Nola funtzionatzen du sailkapen prozesuak?
Espainiako Estatuan OCRA elkartea dago, eta horren barruan bi liga bereizi ditzakegu: OCR Series eta Liga Nazionala. Nik OCR Seriesen hartzen dut parte, eta oraintxe laugarren postuan nago. Denboraldian zehar, zortzi lasterketa egiten ditugu, eta sei onenak puntuatzen dira. Liga Nazionalean, hogei karrera inguru daudela esango nuke, eta jende gehiagok hartzen du parte, sailkatzea errazagoa izaten delako. OCR Seriesek balio du Europako Ligara eta munduko txapelketara sailkatzeko, Liga Nazionalak ez. Hain zuzen, OCR Seriesko lehenengo bost lasterketen puntuazioak hartzen dira kontuan Europako Ligara zein munduko txapelketara sailkatzeko.
«OCR lasterketetan ez dago alde handirik mutilen eta nesken arteko txandetan»
Kirol askotan gizon kirolari kopurua handiagoa izaten da emakume kirolariena baino. OCR kirolaren kasuan berdin gertatzen da?
Ni txundituta geratu nintzen. Futbolean ez bezala, crossfit eta OCR moduko kiroletan neska asko dago. Denontzat gimnasio batera bazoaz, kirolarien %50 inguru neskak direla ikus dezakezu. OCR lasterketetan ez dago alde handirik mutilen eta nesken arteko txandetan . Herri lasterketetan ere neska asko daude. Eliteko lasterketetan nesken maila oso altua da, oso onak dira. Polita da hori ikustea.