La Txamak Igeldon eskainiko du bere lehen kontzertua
Bihar hasiko dira Igeldoko San Pedro jaiak, eta publiko zabalarentzako egitarau oparoa prestatu dute auzotarrek. Uztailaren 2ra arte, ez dira faltatuko kirol eta kultur ekitaldiak, kontzertuak, janari lehiaketak edo jolasak, beste hainbat jardueren artean.
Ttonttorro jai batzordea jo eta su aritu da azken asteotan Igeldoko sanpedroetako egitarauari azken ukituak ematen. Bihar hasi eta uztailaren 2ra arte, askotariko jarduerak izango dituzte publiko zabalarentzat, euskal kultura, kirola, musika eta beste hainbat jarduera uztartuz. Egitaraua hemen duzue ikusgai.
San Pedro eguna, Igeldoko jaietako egun handia, larunbata izango da aurten, eta bigarrenez, Desederatuen Bazkaria egingo dute. «Beste urteetan herri bazkaria egin badugu ere, aurten, Desederatuen Bazkaria egingo dugu, bigarrenez. San Pedro eguna larunbata tokatzen denean, jendeak ohitura du familiako bazkariak egiteko, eta batzuk ohitura horretatik desederatuta geratzen gara gure etxean. Beraz, aurten, paella lehiaketa bat egingo dugu, eta gero bingo musikatua antolatu dugu», azaldu du Leire Barrondok, Ttonttorro jai batzordeko kideak.
San Pedro egunean, Desederatuen Bazkaria egingo dute Igeldon, eta sarrerak salgai daude Iko, Calonge eta Txapelan
Bestalde, aurreko urteetan hainbat kirolari aritu badira ere, aurtengoan, Igeldoko «gazteei eta ez hain gazteei» emango diete herri kiroletan aritzeko aukera. «Herrian aizkolari bat dugu, Arkaitz Etxebeste, eta bera eta beste aizkolari bat enborrak mozten arituko dira. Gainerako probetan, berriz, herritarrak arituko gara desafioan», adierazi du Barrondok.
Denentzako egitaraua
Jai batzordeko kidearen arabera, gustu desberdinetarako egitaraua prestatzen saiatzen dira Igeldon: «Azkenean, herri txikia gara, baina pluralak ere bagara. Adin tarte desberdinetako eta gustu ugaritako jendea bizi da Igeldon, eta pertsona bakoitzaren arabera, jarduera bat edo beste da garrantzitsuagoa». Aurten, hilaren 28a, ostirala, «nahiko indartsua» izango dela ziurtatu du: «Lau talde ekarri ditugu, eta La Txamak bere lehenengo kontzertua Igeldon emango du». Datorren ostirala «oso musikala» geratu zaiela adierazi du, baina beste ekitaldi batzuentzako tartea ere izango da ordura arte. Asteburu honetan, kirolaz gozatzeko aukera ere izango da, bihar Igeldoko V. Haur Krosa egingo baitute goizean. Arratsaldean, berriz, helduen txanda izango da. Igandean, San Joan bezperarako egitaraua ere prestatu dute. Gainera, umeen eta gazteen eguna izango da uztailaren 1ean, eta hurrengo egunean, Santa Ixabel egunarekin emango diote amaiera jaiei.
Bertso saio musikatua
Beste berritasun bat ere badute aurten, izan ere, ekainaren 30ean, bertso saio musikatua antolatu dute. «Igande arratsaldean, beste urteetan, bertso saioa antolatzen genuen. Baina aurten, berritasun gisa, afalostean bertso saio musikatua prestatu dugu. Hainbeste berbena egitea gehiegi iruditzen zitzaigun, eta ostirala eta larunbata egun handiak izango direnez, igandean bertso saio musikatua jarri dugu herriko plazan, 22:00etan», azaldu du jai batzordekoak.
Horrela, Oihana Iguaran, Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi arituko dira bertsotan. Musikariei dagokienez, Beñat Antxustegi Txusta (gitarra) eta Eneko Sierra (saxofoia) izango dira bertan, eta gai jartzaile lanetan, berriz, Iker Iriarte.
Gainera, ostiralean eta igandean ogitartekoak egongo dira salgai, eta larunbat eta astearte gauean, parrillada egongo da. «Herriko tabernan parrillada egoten da, eta jendeak oso gustura hartzen du», nabarmendu du Barrondok.