Miramar gauak bertan behera, berriro
Besteak beste, La oreja de Van Gogh eta Olatz Salvadorren kontzertuaz gozatzekoak ziren bigarren egunean, baina ekitaldia eten egin zuten euri jasaren ondorioz.
Miramar gauen bigarren eguna zen atzokoa, baina beste behin, artista batzuk ezin izan ziren oholtza gainera igo, eguraldiaren ondorioz. Sarrera guztiak salduta zituztela, 1.800 lagun gerturatu ziren Erdialdea eta Antigua banatzen dituen jauregiraino, baina espero zen moduan, ezin izan zuten gaueko kontzertuez gozatu. La Oreja de Van Gogh Olatz Salvador, Maren eta La Sonrisa de Julia ziren jotzekoak.
Antolatzaileen arabera, arratsaldeko soinu probek eta egokitzapen lanen atzerapenak eragin zuten, besteak beste, aurreikusitakoa irekiera ordutegia ordubete atzeratzea. Hala, 21:00tan, Olatz Salvadorrek abiatu zuen bere kontzertua, baina hasi eta hamabost minutura, donostiarrak kontzertua eten behar izan zuen euria jasa zela medio.
Gauzak horrela, Miramar gauak bigarrenez gelditu dira bertan behera, lehen egunean ere oholtzara zapaldu gabe gelditu baitziren, Andres Calamaro eta Paul Alone. Antolatzaileek argitu dutenez, sarreren zenbatekoa bueltatuko dute.