Altzako baserri batetik bestera erromerian ibili dira aurten ere
Altzako San Martzial jaiak ostiralean hasiko dira ofizialki, baina dagoeneko hasi dira motorrak berotzen, besteak beste, baserrietako ohiko erromeria egin baitzuten larunbatean. Urte luzeko tradizioa da, bizirik jarraitzen duena; hainbat altzatar erromerian ibiltzen dira auzoko baserri batetik bestera, jaietako egitaraua eramatera. Aurten, gainera, Donostiako Udaleko Musika Eskolako trikitilariekin batera egin dute erromeria.
“Ibilbidea luzea da, ez baitute inor bisitatu gabe utzi nahi. Alzatarra elkartetik 09:00etan hasten da ibilbidea, Auditz, Artzaka, Artxipi, Kastillun, Borda, Gazteluene, Txurdiñene, Irasuene, Amoeder, Martitei, Pelegriñene, Lauhaizeta, Olaxe, Kataliñene… 11:00etan geldialdia Ilarrregi baserrian, merezitako hamaiketako baten berri emateko. Eta berriro bideari heldu, Garbera merkataritza gunera eta Paris, Garbera, Etxeberri, eta Mirasun baserrietara joateko, irribarre eta harrera onen artean”, kontatu du Joxe Mari Arrieta Irizar altzatarrak, Estibaus.info atarian egindako kronikan.
“Garaiak aldatu egiten dira, eta gu guztiok eboluzionatzen dugu, eta gure jaiak ere bai, baina horiek antolatzeko zentzu horri eusten zaio, edozein altzatarrek, duen adina duela, datorren tokitik datorrela, prestatutako jarduera eta emanaldi guztien protagonista eta parte aktibo senti dadin”, gaineratu du Arrietak.